Joan den astean lehengusina zendu da.
Gogorrak dira agurrak. Are gogorragoak hunkigarri egin nahi direnean: bibolinaren doinua, Lete (Xalbadorren heriotza), Mikel Laboa (harek bezala elurra hautatu baitu, hemendik urruntzeko), poema bat:
Negar egin ahal duzu, joan egin delako Edo irribarre egin, bizirik izan delako. Begiak itxi ahal dituzu eta otoiz egin, itzul dadila desiatuz edo begiak ondo ireki, inguruan utzitakoa klaru ikusteko. Bihotza hutsik sumatu ahal duzu, dagoeneko ikusterik ez duzulako Edo mukuru, ordura arte partekatu duen amodioaz beterik. Negar egin ahal duzu. Gogoa eta aldartea itxi, hutsuneri begira paratu, eta etorkizunari bizkarra erakutsi. Edo —harek nahi lukeen moduan— irria egin, begiak zabaldu, maitasuna nonahi banatu, eta aurrera segi. [poema eskoziarra]
Oroitzapenak ere ugari. Gurea familia apal eta xumea da. Geu ere immigrante familia bat gara. Arabako mendebaldetik Bilbo, Gasteiz eta Arrasate aldera barreiatutakoak, bizimodu eta ogibide hobe baten bila.
Familiako lehen euskaltzale militantea izan zen lehengusina… Aek-n jardun zuen, UEUn ere bai, eta —Bertsozaleen Elkarteko datu-baseari kasu egiten badiogu— txapelketa batean inoiz parte hartu zuen lehendabiziko emakumea izan zen. Gure familiaren historia txikian, bidegile izan da. Adiorik ez!