Aurreko hilabeteetan bi sarrera idatzi ditugu euskarari eta kulturgintzari lotuta: Kultura gobernaezina eta Estrategia bila, euskarazko kulturgintza indartzeko. Oraingoan hirugarren bat, ildo beretik.
Izan ere, orain dela hainbat urte (10 bat?), proiektu interesgarri egin zuten HUHEZIk eta EMUNek, Gasteizko Udalaren eskariz. Proiektuak bi helburu zituen: (1) euskarazko kulturgintzaren mapeo bat egitea; eta (2) eragileak identifikatu ahala, horiek artikulatzeko proposamen bat esploratzea.
Mapeo sakona egin nahi zen: eragileak eta espazioak zerrendatzea, eragile edo espazio horietako bakoitzaren programazioa aztertzea, euskarak programazio horietan zuen tokia ikustea eta euren arteko harreman-sareak agerian jartzea. Zailtasunak oso nabarmenak izan ziren; baina emaitzak oso esanguratsuak.
Zailtasunei dagokienez
- Ikusi zen zaila (ia ezinezkoa) zela eragile eta espazio guztiak hartzea. Eshaustibitatea ez da kontzeptu absolutua.
- Administraziotik aktoreen mapa bat egiten denean, gizarte eragileen mapeoa egitera mugatzen dira sarritan. Administrazio barruko eragileak gutxixeago aztertzen dira. Gainera, administrazioa eragile bakarra eta monolitikoa izango balitz bezala hartzen da… barruan dauden dinamikak, harremanak, indar-korrelazioak eta kontraesanak kontuan hartu gabe.
- Azterketa horiek argazki baten modukoak dira beti: unean uneko errealitatea islatzen dute. Argazkia eskuartean izan orduko, aldatu egin da errealitatea.
- Euskara erdigunean duten eragileak erraz identifikatzen dira: euskalgintza deitzen dugun horiek dira. Euskaratik apurtxo bat urrundu ahala (kulturgintza), zalantzak sortzen dira, mapa horren barruan lekua duten ala ez.
Ondorio batzuk:
- Oro har, programazio zabala ikusi zen: hasieran uste baino zabalagoa, eta askotarikoa.
- Orohar, formatu txikiek ondo funtzionatzen zutela ikusi zen. Hutsuneak formatu handietan antzematen ziren: antzokien programazioa, jazzaldia… Horietan guztietan euskararen lekua apalagoa zen. Gainera, ez zegoen tamaina handiko ekimen bakar bat ere, non euskarak erabateko zentraltasuna zuen.
- Administrazioek pisu handia zuten kultura-programazioan (dirulaguntzaile zein kontratatzaile moduan). Horrez gain, baziren normalean aintzat hartzen ez diren errealitate batzuk, jende asko mugitzen zituztenak: dantza-taldeak, abesbatzak, musika-akademiak…
- Euskara eta kultura arloen arteko komunikazio txikia ikusten zen: bai gizarte mailan, baita administrazio barruan ere. Ez zen elkarlanerako joera handirik ikusten.
- Alde horretatik funtsezkoak ziren bi “mundu” horien arteko lotune izan zitezkeen eragileak. Grafoen teorian lotura ahulen indarraz hitz egin ohi da: eragile txiki bat garrantzitsua izan daiteke bi eragile handien arteko bitartekari, solaskide edo lotune bihurtzen denean. Ikusi zen euskara elkarteek, neurri batean, paper hori joka zezaketela.
Artikulazioaren inguruan ere hainbat ondorio:
- Egitura bat osatu euskaraz ari den kulturgintza artikulatzeko? Beharrezkoa da? Zeinek egin dezake trakzio lana? Egitura autonomoa izan daiteke ala administrazioaren mendekoa izan behar da?
- Artikulazio hori zeren inguruan sortu behar da? Eragileen borondatearen baitan utz daiteke? Ala proiektu bat sortu behar da, horretarako aitzakia emango diguna? Tamaina handiko proiektu esanguratsu bat izan daiteke? Lasarteko Euskararen Maratoia aipatu zen, adibide gisa.
- Horretarako, aurrera begira, dinamika endogenoak nahiz exogenoak lantzea proposatzen zen, hiru dinamika ezberdinen bidez: (1) Dinamika kuantitatiboak euskaldunekin eta euskaltzaleekin. Euskara plazara ateratzeko moduko ekitaldiak: formatu txikikoak zein handikoak; (2) Dinamika kualitatiboak euskaldunekin. Estrategikoak izan daitezkeen proiektuak identifikatu eta elkarlanean gauzatu; (3) Gaztelaniaz bideratzeko moduko dinamikak, mezu doituen bitartez.
Iruditzen zait oraindik ere proposamena baliagarria eta baliotsua dela, 10 urte igaro badira ere.