Higadura profesionalaren sindromea deitzen zaio. Burnout ere bai. Edo, nahiago baduzue, erreta egotearen sindromea. Langileak dituen idealen eta lanbidearen errealitatearen arteko talka da. Esaten dutenez, gizartegintzari lotutako lanbideetan gertatzen da sarritan. Erreta egotearen sindromea pertsona idealistek pairatu ohi dutela diote: pertsona solidarioak; autoexigenteak; ideia utopikoak dituztenak; ideia horiek lanbidera eraman nahi izan dituztenak; lanean jendearen zerbitzuan egoteko perspektiba eta espektatiba dutenak…
Ez… Burnout sindromea ez da nekea. Estresa? Ziur aski bai. Zerikusia du estres kronikoarekin; baina, izatez, ez da gauza bera. Estres horren aurrean ongi egokitzen ez jakitea da, erantzun desadaptatiboak izatea. Sintomak? Jendearekiko jokabide eta sentimentu negatiboak, baita emozionalki agortuta sentitzearen sentsazioa ere: dena dago gaizki; ez dago zer eginik; horretan lehen ere saiatu gara baina alferrik; hau betikoa da;… Ezaguna egiten zaizue?
Estres kronikoaren tratamendua bera ematen omen zaio (ematen zaionean). Orohar bi eratako estrategia erabili ohi direla irakurri dut: erakunde mailakoak eta banakakoak. Erakunde mailan estrategia motibazionalak erabiltzen dira, edo laneko giroa hobetzearekin zerikusia dutenak. Banakako estrategiek, oro har, autokontrol emozionalekin dute zerikusirik. Horretarako tresnak ematea da gakoa: pentsamentu negatiboei aurre egiten ikastea, pertsamendu arrazionalagoak sustatzea, elkarreragin sozialerako eraginkorrak diren portaerak sustatzea, problemak konpontzeko teknikak, erlaxazioa…
Gaitzaren jatorria, dena den, ez da (erabat) psikologikoa; politikoa ere bada. Hortaz, erakunde mailako eta banakako estrategiekin batera, estrategia politikoagoak ere behar direla iruditzen zait.
Orain dela zenbait aste, parte-hartzeari buruzko hitzaldi batean, teknikarion papera aipatzen zuten: administrazio publikoetako langileok (teknikariok), antza, desira-horizonte berriak behar ditugu; utopiak edo etorkizun desiragarriak, indarberrituko gaituztenak eta lanean jarraitzeko motiboak emango dizkigutenak. Ez dakit itzulpena egokia ote den: horizonte de deseos zen erdaraz
Hitzaldi horretan unibertsitateko irakasle batek (ez dut izenik esango) iruzkin bat utzi zuen txatean (bai, on-line izan zen). Urrea iruditu zitzaidan. Hauxe da (nik euskaratua):
Nire ustez, administrazio publikoaren barne-logikek desira-horizonte erosoak eta kontserbadoreak elikatzen dituzte, joera nagusi gisa (baita unibertsitatean ere, bertatik hitz egiten baitut). Bestelako desira-horizonteak nahi izateak jarrera militantea eskatzen du: konfrontatiboa ere bai, erakundearen hierakiarekiko. Erakundeek jarrera horiek oztopatu eta zigortu nahi izango dituzte, eta , testuinguru horretan, behartuta egongo gara hainbat gorabehera onartzera: errenuntziak, tentsioak… baita indarrean dauden arau eta protokoloen aurka borrokatu beharra ere (edo, bestela, arau eta protokolo horiek saihesteko moduak bilatzera, desobedientziaren bidetik).
Horrela jaso nuen, eta horrela helarazten dizuet. Izan ongi!