“Herritarrak ikerketan inplikatzen”. Horixe izan da UEUko uda ikastaroetako hasiera-ekitaldiaren izenburua. Antolatzaileen ustez bi aldetatik da pertinentea herritarrak ikerketan inplikatu nahi izatea: (a) horrek ikerketa bera aberasten duelako eta (b) herritarrak ahalduntzen dituelako eta haiengan zientziarekiko interesa piztu.
Hitzaldiak ikusita, egia esan, bi kontu ezberdin ikusten ditut nik: batetik, ikerketa ekintza parte-hartzaileaz hitz egiten da bertan; eta bestetik, ezagutza sortzea eta zientziarekiko interesa piztea helburu duten esperientziez. Lehena, ziur aski, askoz gehiago lotu izan da planifikazioarekin, ezagutza sortzearekin baino. Bigarrena, bete-betean dago loturik, zientzia herritarra ditu izan den horrekin. Bideoak hemen ikusi ahal dira.
Ikerketa ekintza parte-hartzaileari dagokionez, gustatu zait Igor Ahedok egin dituen zenbait azalpena:
- Ikerketa ekintza parte-hartzaileak trikitixa baten moduan funtzionaten du. Bi une nagusi ditu: irekitzea eta ixtea. Irekidura haizea hartzeko unea da: iritziak, begiradak, ausentziak, tonalitateak… Itxiera, ordea, kontzeptuak eta planteamenduak zehazteko unea da.
- Igorrek “Nitik Gura” mugimendu gisa definitzen du bidea: nire (norberaren) minetatik gure planeamenduetara.
- Ezagutza eta ekintza kolektiboa da oinarria: jende gutxik gauza asko egitetik jendea askok gauza gutxi egitera.
Bigarrenari dagokionez, iruditzen zait, zientzia herritarrez hitz egiten bada, erabat bidezkoa dela soziolinguistika herritarrez ere hitz egitea (citizen sociolinguistic). Ez… ez da nire burutazioa. Ez dut nik asmatu. Bada liburu bat izenburu horixe bera duena: How We Talk about Language. Exploring Citizen Sociolinguistics. Egileek aldarrikatzen dutenaren arabera, soziolinguistika herritarra bide ezin hobea da hiztunen agentzia eta kontzientzia linguistikoa lantzeko. Ez dut liburua aztertzeko aukerarik izan, baina, ikusi dudanagatik, hiztun moduan arreta ematen diguten fenomeno linguistikoak aztertzea proposaten du: onerako “harritzen gaituztenak (Wonderment!) edo txarrerako “harritzen” gaituztenak (Arrest!) identifikatu eta horien inguruko gogoeta sustatu.
Inoiz horrela deitu ez badiegu ere, esango nuke gure artean badirela soziolinguistika herritarrarekin zerikusia duten esperientziak eta proposamenak. Hiru adibide, besterik ez:
- Autobiografia linguistikoak. Herrialde katalanetan oso hedaturik dagoen ariketa da. Gurean ere bide egin du honezkero. Ikasleek inguruko hizkuntzekin duten harremana aztertu eta horri buruzko gogoeta egiten dute. Autokontzientzia-ariketa bat da. Bere garaian Carme Junyent irakaslearen elkarrizketa bat irakurri eta erreferentzia gordenuen. Oso elkarrizketa didaktikoa iruditu zitzaidan: “L’autobiografia lingüística és una eina per a la recerca”. GELA ikerketa-taldearen web orrian bada autobiografia linguistikoen hainbat adibide: https://gela.cat/doku.php?id=autobiografies
- Euskararen erabileraren behaketa (ekitaldi publikoetan). Donostian hasi ziren, orain dela urte askotxo, BAGERA elkartearen eskutik. Hiriko ekitaldi nagusietan euskararen erabilera neurtu nahi zuten, behaketa bidez. Ekitaldi horietara joaten ziren elkarteko bazkideek eta euskaltzale boluntarioek datuak bildu behar zituzten eta elkartea arduratzen zen interpretazioaz. Ez dakit oraindik ere egiten den, baina oso adibide esanguratsua iruditzen zait.
- Kaleko hizkuntzak. Equiling proiektua ezagutzen duzue? Hizkuntza-berdintasuna eta justizia soziolinguistikoa bilatzen dituen ikerketa-proiektu bat da. Liburuxka bat argitaratu berri dute: “Lenguas callejeras: paisajes colectivos de las lenguas que nos rodean” (pdf formatuan jaitsi daiteke). Lanerako koaderno bat da. Espazio publikoa aztertzea proposatzen du, bertan gertatzen ari diren prozesu linguistikoak (elebakartasuna, eleaniztasuna…), soziokulturalak (asimilazioa, marginazioa…) eta urbanoak (branding, turistifikazioa, gentrifikazioa…) aztertzeko. Gida bat da, urratsez urrats, datuak jasotzeko, interpretatzeko eta eztabaidatzeko pautak ematen dituena.
Adibide gehiagorik bururatzen zaizue?