Posillipo
Diotenez, badira lekuak zerbait magikoa dutenak, indar telurikoak zeharkatzen dituztelako edo guk horrela imaginatzen ditugulako. Energia ematen duten lekuak omen dira, mina sendatzen dutenak. Izenburu horixe duen liburu bat izan dut eskuartean egun hauetan: Lugares en los que se calma el dolor (mina sendatzen duten lekuak). Lehen orrietan Posillipo ageri da. Posillipo (napolieraz, Pusilleco) auzo erresidentzial bat da, Napoliko mendixketan kokatua dagoena, badiari begira. Gertu Virgilio poetaren hilobia omen dago, eta parke arkeologiko bat, Pausilypon zeritzan erresidentzia bat zegoen lekuan. Pausilypon hitzak horixe esan nahi du: «mina sendatzen duen lekua». Izan ere, Napoliko badiaren ikusmirak benetako eragin sendagarria zuela sinisten baitzuten hango biztanleek.
Napoli antifaXista.
(1) Instagramen irakurrita:
La lotta per il riconoscimento e la revitalizzazioe delle lingue minorizzate e lotta antifascista. Il fascismo non tollera la pluralità come, ad esemplo, quella linguistica.
Ulertzen da, ezta? Borroka antifaxista da hizkuntza gutxitua biziberritzeko eta onartua izateko borroka. Biba zuek!
(2) Beppe Fenoglioren “kontu pribatu bat” liburuan elkarrizketa bat dut azpimarratua:
—Nor zarete?
—Partisanoak –erantzun zion Meok.
—Esan dialektoz –eskatu zion agureak. Eta Meok dialektoz errepikatu zuen.
—Zein arrazatakoak? Urdinak ala Izar Gorrikoak?
—Badogliotarrak.
Agure haren buruan, dialektoz hitz egiten bazuten, ezin ziren faxistak izan. Zer hobe partisanoak zirela egiaztatzeko, dialektoz mintzaraztea baino. Liburua euskaraz eskuragarri dago Katakrak agitaletxearen web orrian: https://katakrak.net/eus/argitaletxea/liburua/kontu-pribatu-bat
Hizkuntza biziberritzeaz
Han hemenka zenbait material eta proiektu ikusi ditut, napolieraren eta tokian tokiko hizkuntzen biziberritzeaz. Hiru esteka uzten dizuet kuxkuxeatzeko:
@de_vulgare, Italiako hizkuntz aniztasunaz
@neapxita, napolierari buruz
- instagrameko profila: hemen
Accademia napoletana
Pier Paulo Pasolini
Pier Paolo Pasolini “dialektoen” defendatzaile sutsua zen. Italiera zuen etxeko hizkuntza, baina amak friuleraz egiten zuen. Lagun batzuekin batera, Academiuta di lenga furlana sortu zuen. Friulera, harentzat, botereari aurre egiteko bide bat zen.
Ahotsak.eus web orrian, friulerari buruzko apunte batzuk entzun daitezke, 101 L proiektuaren barruan. Hemen: https://101l.ahotsak.eus/elkarrizketak/william-cisilino/101-088-010
Napolierarekin ere antzeko jarrera zuen. Napoliera harentzat hizkuntza bizia eta alaia zen, herriaren esentzia gordetzen zuena. Halaxe azaldu nahi zuen bere lanetan: «errealitate fisiko bat irudikatu nahi izan dut; nire begien aurrean suntsitzen diharduten errealitate bat, aipatu dugun genozidio horrek deuseztu nahi duen errealitate bat. Gizon izateko modu bat; begiratzeko modu bat; mintzatzeko, jokatzeko eta keinuak egiteko modu bat; dialektoz hitz egiteko modu bat… horixe da suntsitu nahi dutena». Napolitarrek, bere ustez, «gaur egun tribu handi bat osatzen dute, basamortuan edo sabanan bizi beharrean, Tuaregak edo Bejatarrak bezala, hiri handi baten sabelean bizi dena».
Bere ustez “dialektoek”, hizkuntza gutxituek, globalizazioaren aurkako erresistentzia hezurmamitzen dute.
Liburuak eta serieak
Leku bat ezagutu eta bertako kulturan sakondu nahi duzunean, hor hasten dira komeriak eta kontraesanak… Napoliko idazle ezagunak? Napolin grabatutako filmak edo serieak? Ziur aski (haien) hizkuntza hegemonikoan idatzitako liburuak aurkituko dituzu eta ziur aski (gure) hizkuntza hegomonikoan irakurtzeko eta ikusteko beharra izango duzu.
- Bi idazle esanguratsu. Elena Ferrante eta Erri de Luca. Elena Ferrante pseudonimo bat da, hainbat liburu arrakastatsu sinatzeko erabili izan dena. Zurrumurruak zurrumurru, ez dago oso argi atzean zein dagoen. Obrarik esanguratsuena: L’amica geniale. Erri de Luca aspaldidanik egin zait deigarri. Figura bat da. Aostako AHTaren aurka hartu zuen jarreragatik da ezaguna. Napoli bereziki bere lehen liburuetan agertzen omen da. Nik neuk beranduago ezagutu dut: Imposible, La natura expuesta edo duela gutxi argitaratu duen El peso de la mariposa.
- Bi serie. Napoli pantailan nola agertzen den ikusi nahi baduzu, bi serie aipatuko nituzke. Apurtxo bat bilatuz gero, biak ala biak aurkitu daitezke. Lehenik, La amiga estupenda, goian aipatu dugun L’amica geniale nobelan oinarritua. Oso ona. Soilik lehen denboraldia topatu dut. Bigarrenik, Los bastardos de Pizzofalcone, Maurizio De Giovanniren nobeletan oinarritua.