BAT
Helduen euskalduntzeari buruzko mahai-inguru bat entzuteko parada izan dut, duela gutxi. Ikasleen motibazioez jardun zuten gehien bat. Laburtu behar izatekotan bi indar-ideia aipatuko nituzke, bereziki:
- (a) Ikasleen motibazioak aldatu egin dira. Ikasleak azterketa gainditzera datoz eta administrazioan lan egitea dute helburu.
- (b) Euskarak prestijioa galdu du. Helduen kasuan, gainera, ezer gutxi egin daiteke euskaraz aisialdian. Lana ez bada, ze beste arrazoi izan dezakete ikasle helduek euskaltegira hurbiltzeko?
Ez dut esango egia ez direnik, baina kezkatu egin ninduen proposamenik ez entzuteak eta proaktibotasun gehixeago ez somatzeak.
BI
Jokabideak edo ohiturak aldatzeaz hitz egiten denean, hiru-lau adibide aipatu ohi dira: elikadura osasuntsuagoa, erretzeari uztea, kirola egitea edo/eta hizkuntza berri bat ikastea.
Duela gutxi “ohitura atomikoak” izeneko liburua izan nuen eskuartetik. Autolaguntzarako liburu horietako bat da, azken aldian “best-seller” izatera iritsi dena. Aldaketa txikien garrantziez hitz egiten du, aldaketa txikiek eragin handiak izan ditzaketela dio. Edonola ere, hainbat gomendio interesgarri ematen ditu. Gomendatzen du, esate baterako, fokoa helburuetan ez jartzea, baizik eta identitateetan edota sistemetan. Izan ere, kontua ez da zer lortu nahi duzun, baizik eta nolako pertsona izan nahi duzun; eta, batez ere, prozesuarekin maitemintzera iristea. Lau baldintza (edo lau urrats) aipatzen ditu, jokabide berri bat bultzatzeko beharrezkoak direnak: (1) Begi bistakoa izan dadila. (2) Erakargarria izan dadila. (3) Erraza izan dadila. (4) Pozgarria eta asegarria izan dadila.
Euskara ikasteak baldintza horiek ditu? Euskaltegiek leku nabarmenik dute herri eta auzoetan? Euskara ikastea bizitza sozialean presentzia nabarmena duen errealite bat al da? Euskara ikastearen beharra eta onura agerian al da? Ebidentea al da? Prozesua bera erakargarria al da? Erraza da euskara ikasteko erabakia hartzea? Pozgarria al da? Euskara ikasteak ba al du nolabaiteko saririk (epe laburrean, esan nahi dut)?
Ez dut horrelako liburuetan sinisten, baina iruditzen zait helduen euskalduntze-sistemak bai behar dituela hainbat aldaketa.
HIRU
Katalunian ikerketa bat argitaratu dute duela gutxi: “De l’aprenentatge a l’adopciĆ³ de la llengua catalana”. Egileek bereizi egiten dute zer den hizkuntza ikastea eta zer den hizkuntza adoptatzea. Katalana adoptatu duten ikasleen ibilbideak aztertu dituzte, horien arrakastaren gakoak identifikatzeko. Arrakasta izan duten ikasleek:
- Maila formatibo ertaina edo altua dute.
- Katalana beharrezkoa den lanbide batean aritzeko desioa eta asmoa dute.
- Katalanez sozializatzeko sareak dituzte.
- Aldeko jarrera nabaria dute.
- Ikasgelatik kanpo praktikatzeko estrategiak garatu dituzte.
Integrazioa helburu duten dinamizazio ekintzak ere aztertu dituzte: bisita gidatuak, mintzapraktika-jarduerak komertzio laguntzaileetan, mintzalaguna moduko jarduerak, kanpo-ekintzak eta ospakizunak, irakurketa errazeko klubak, mintzataldeak, euskaraz funtzionatzen duten elkarteekin ekintzak antolatzea(adib. mendi-taldeak). Egileek defendatzen dute dinamizazio-ekintza horiek guztiak irakaskuntzarekin lotuagoak egon beharko liratekeela eta era sistematikoagoan egin.
Edonola ere, sozializazio-sareak funtsezkoak direla nabarmendu dituzte. Nolabait, “hizkuntza integraziorako akonpainamendu-ziklo bat” antolatzea proposatzen dute, non hasiera batean ikasleak horrelako ekintzetan edo sareetan era tutelatuan parte hartuko duen, harik eta autonomia-maila nahikoa lortu arte. Azken helburua, jakina, horixe da: ikasleak katalanez funtzionatzen duten sozializazio-sareetan era autonomoan parte hartzea.
Ikerketa sarean eskuratu daiteke. Hemen: https://llengua.gencat.cat/ca/detalls/noticia/Biblioteca-Tecnica-de-Politica-Lingueistica-31
LAU
Iruditzen zait guri ere horrelako planteamenduak esploratzea komeni zaigula. Askotan esan izan da: eskolak bakarrik ezin du. Euskaltegiak ere bakarrik ezin du. Ez da lelo hutsa, errealitate bat baizik. Kontua ez da eskolari edo euskaltegiari gauzak nola egin behar dituzten esatea. Kontua da harrera eta sozializazio sare berriak sortzea eta jostea, harik eta egitura trinko bat osatu arte.
Bide horretatik asko dago egiteko, eta iruditzen zait gehiegitxoa dela lan-sama hori guztia euskaltegien (edo eskolen) gain uztea.