Hiltzen ari diren munduak

Alcarràs

Alcarràs filma ezin izan nuen zineman ikusi. Abuztuan izan dut plataformetan ikusteko aukera. Zeozer irakurria nuen aldez aurretik: mundu baten amaiera islatu nahi zuela (nekazaritza-mundua, alegia)… aktore-taldea osatzeko, benetako familia bat bilatu nahi izan zutela (edo, behinik behin, talde profesionala ez izatea, baizik eta herritar arruntaz osasutakoa)… modu malguan grabatu zela, gidoi finko eta zorrotz bati jarraitu gabe… eta beste hainbat gauza.

Emaitza oso ikusgarria izan da. Berritzailea, alde askotatik.

Sare sozialetan eta komunikabideetan, goian duzuen fotograma erabili da bereziki. Esanguratsua. Ondo hautatua. Familia osoa, bere lurrei begira, beren mundua nola desagertzen ari den ikusten.

Irudi bakar batek istorio oso bat laburbil dezake.

/…/

Euri Horia

Hau ere mundu baten amaierari buruzkoa da. Julio Llamazarasen aspaldiko nobela bat da “Euri Horia” (La Lluvia Amarilla). Wikipediaren arabera 1988an argitaratu zen. Nobela? Ez dakit, bada. Narrazio poetiko bat dela esan izan da. Llamasaresek Pirineoetako herriak nola husten ari ziren islatu nahi zuen bertan. Hizkuntza eta egitura aldetik oso narrazio aberatsa da eta oso giro berezia sortzen du. Gaiaren aldetik, malenkoniaz dago beterik: herriak hustutzea, bakartasuna, denboraren iragana… Izenburuak udazkenean erortzen diren hosto lehorrei egiten die erreferentzia.

Protagonista Andres da, Ainielle herriko artzain bat: bertako azken biztanlea, herria erabat hustu aurretik. Ainielle herria aragoieraren eremu linguistiko historikoan kokatua dago. Kritikaren bat irakurri dut arrazoi horrengatik, hain zuzen: izan ere, narrazioa lehen pertsonan dago, eta  –batzuen ustez– zaila da bertako artzain batek halako hizkuntza aberatsa erabiltzen duela sinistea. Horrek, kritika horien arabera, sinisgarritasuna kentzen dio narrazioari.

/…/

Paniceiros

Udaberrian Asturias aldera egin nuen txangotxo bat baliatu nuen Historia Universal de Paniceiros liburua berriro irakurtzeko. Jatorriz asturieraz idatzita dago, baina gaztelaniaz ere topatu daiteke. Istorio laburrak dira; baina zaila da poesia, narrazioa edo entsaioa ote diren bereiztea. Baten batek narrazio kostumbristak direla esango luke, baina ez zait iruditzen. Hori baino askoz gehiago dela esango nuke. Hor ere Xuan Bellok antzeko motibazio bat aitortzen du: “Ikusi nuen nola ari zen mundu bat hiltzen, eta horren berri eman nahi izan nuen”.

Umoretik ere asko du, baina esango nuke tonu eta giro lanbrotsua eta malenkoniatsua nagusitzen dela. Lainoa/lanbroa omen da Asturias hobekien laburtzen duen sinboloa. Xuan Belloren arabera, lainoa “arimaren sentimendu bat da”, gogo-aldarte bat. Lainoa misterio-estalki baten modukoa da. Erraza da lainoan galtzea, bidea ondo ezagutzen baduzu ere. Mendizaleek hori ondotxo dakite. Xuan Bellok dioen bezala, lainoak espazioa eta denbora deuseztu eta ezabatu egiten ditu, erabat eta eraginkorki.

/…/

Gure Paniceiros

Duela hainbat urte, Lorea Agirrek liburu horren irakurketa propioa egin zuen Koldo Mitxelena kulturgunean, “berrirakurtzen” saioaren barruan. Hemen ikus daiteke: (https://www.youtube.com/watch?v=Vr1TwUn2kHQ). Oso ariketa polita egin du bertan: Paniceiros eta Euskal Herria alderatu, haren ustez, gurean ere, mundu bat joan badoakigulako, gure begien aurrean, kasik ohartu gabe.

Besteak beste, Joseba Sarrionandiaren poema bat ekarri du, Ruper Ordorikaren musikarekin:

Eta badoaz urtaroak,
Eta gu ere bagoaz,
Geroago eta gutiago
Gara ginenak,
Gero eta urrutiago
Ginena
Zer geratuko da gerorako?
Leku izenak agian,
Ez besterik: Ursouia, Itchasou, Irouleguy, Aussurucq eta Tchoko
Jendeak misterio aire batekin
Ahoskatuko ditu leku izenok...

/…/

Non lurrartu?

Etxean, mahai gainean, ireki gabe, Bruno Latour filosofoaren liburu bat daukat: Donde Aterrizar.

Izenburuak oso metafora potentea du atzean:

“Gure zibilizazioa lurretik aireratu da, hegazkin supersoniko batean eroso bidaiatuko balu bezala. Lehenik, leihatilatik begiratzean, kotoizko hodeiak ikusten ziren, eta eguzki-izpien dirdira. Baina, poliki-poliki, hodeiak beltz bihurtu dira, eta urrutian trumoiek ekaitza datorrela iragarri dute. Lurreratu behar da. Premiazkoa da. Baina non? Lurra desagertu egin dela ematen du, hain urrun dago-eta”

/…/