Gasteizen eman zuen hitzaldi batean Txerra Rodriguezek lau ikasbide proposatu zituen, euskalgintza berritze aldera: (a) jatorrizko herrien mugimenduetatik ikastea; (b) han-hemen sortu izan diren esperientzia komunitarioetatik; (c) feminismotik; (d) soziolinguistika kritikotik.
Azken aipamen hori egin zitzaidan deigarria, eta piztu zidan jakin-mina.
Handik gutxira, «Ikerketa Soziolinguistikoa Hizkuntza Katalanaren Eremuan» izeneko jardunaldiaren aurkezpenetan, soziolinguistika kritikoaren hainbat aipamen aurkitu nituen. Besteak beste, jardunaldiaren azken ponentzian Jose del Vallek azaldutakoak. Jose del Vallek CUNY unibertsitatean lan egiten du, New York hirian, eta harreman handiak ditu Txile, Brasil edota Argentinan soziolinguistika kritikoa lan egiten duten hanbat ikerketa-talderekin. Gaur egun, bi gai ikertzen ditu bereziki: (a) ideologia linguistikoak eta (b) glotopolitika. Ponentziaren izenburua, honakoa: «Perspectiva Glotopolítica, anclaje teórico e implicaciones metodológicas». Ponentzia interesgarria iruditu zitzaidan, “gure terminologiatik” eta “gure ikuspegitik” urruntzen delako.
Jose del Vallek glotopolitika eta soziolinguistika kritikoa bereizten ditu, testuinguru soziogeografiko ezberdinean sortu direlako eta iturri zein tradizio ezberdinetatik edan dutelako. Glotopolitikak, haren esanetan, hizkuntzari eragiten dioten ekintza sozialei egiten die erreferentzia, ekintza horiek izaera politiko argia dutenean. Haren ustez, glotopolitika ez da (soilik) hizkuntza politika, etimologikoki horrela pentsatu badaiteke ere. Ikuspegi hori erabat gainditzen du.
Del Vallek onartzen du glotopolitikak eta soziolinguistika kritikoak, biek ala biek, oso harreman estua dutela elkarren artean; biak funtsezko elementu beraren inguruan egituratzen direlako: “hitza hartzea”. Hau da, zerk legitimatzen du pertsona bat, leku eta une jakin batean, hizkuntza batean eta modu jakin batean hitz egiteko? Eta horrek zein ondorio ditu?
Soziolinguitika klasikoaren arabera, hainbat prozesu sozialen ondorio dira fenomeno linguistikoak. Soziolinguistika kritikoak, ordea, norabide biko harremana ikertzen du: hizkuntzaren erabilerak botere-harremanak erreproduzitu edo eraldatu ahal dituela defendatzen du; hau da, botere-harremanak eta gizarte-kategoriak fenomeno diskurtsiboak direla. Hori horrela, soziolinguistika kritikoak eta glotopolitikak soziolinguistikaren adar ezberdinak mobilizatu nahi dituzte, proiektu emantzipatzaile eta demokratizatzaile baten inguruan. Kontzientzia soziolinguistiko kritikoa landu beharra aldarrikatzen dute, alegia.
Yasnaya Elena Agüilar irakasle mixeak «Lo lingüístico es político» testua idatzi zuen orain dela hainbat urte, eta izenburu bera duen liburutxo batean parte hartu zuen handik gutxira. Han dioen moduan: “Hizkuntza bidezko ekintza guztiak ekintza politiko bihurtzen dira. Berbazko dadoak kargatuta daude, nahiz eta horretaz ez jabetu metroan txartel bat eskatzen dugunean, edo liburu baten aipamena idazten dugunean. Horretaz oso kontziente izan behar dugu estatuak legitimotzat aukeratu ez dituen hizkuntza batean jarduten dugunean. Kasu horietan, hizketa-ekintza guzti-guztiak signifikazio-sare baten parte dira, eta horiek esanahi linguistikoetatik harago doaz beti“
Supermerkatuan saskia nola betetzen dugun, ekintza erabat politikoa dela entzuten da gero eta gehiagoetan, baita gosaria dela eguneroko lehen ekintza politikoa. Baliteke. Edo bigarrena, agian; hizkuntza gutxitu bat dugunontzat, “egun on” esatea baita eguneroko ekintza politikorik lehena.
Har Hitza!