Jacqueline Urlak artikulu interesgarri bat argitaratu berri du “Anuario de Glotopolitica” aldizkarian: Una crítica generativa de la gubernamentalidad lingüística. Jacqueline antropologoa da eta askotxo ikertu ditu euskalgintza eta euskararen biziberritze-prozesua. Haren hitzetan esateko, erresistentziaren etnografia egin nahi izan du. Liburu bat argitaratu zuen 2012an: Reclaiming Basque: Language, Nation, and Cultural Activism.
Haren ustez, ikerlariaren zeregina ez da (soilik) erresistentzia legitimatzea, baizik eta kritika sortzailea egitea (kritika generatiboa, esaten du berak): pentsamendu, afektu eta ekintza eraldatzaileak mobilizatzea, prozesuek aurrera egin dezaten. Hori horrela, ikerketaren funtzioa, bere esanetan, ez litzateke prezeptiboa izan beharko. Kontrara, problematizazioa litzateke helburua: argiak eta jakinak diruditen ekintzak eta diskurtsoak problematizatzea, eta dagoneko baliagarriak ez direla sentiaraztea.
Antropologiari buruzko testu anitzetan gertatzen zaidan modura, testu apurtxo bat abstraktua iruditu zait, eta ez dakit den-dena ondo ulertu dudan. Hainbat ideiarekin geratu naiz:
- Erreproduzioaren tesiari erreparatzea gomendatzen du. Izan ere, ustez eraldatzaileak diren praktikak sarritan ideologia linguistiko hegemonikoak erreproduzitu egiten dituzte, oharkabean. Estandarizazio prozesuak, esate baterako, hegemonikoa den ideologia monoglosikoa indartzeko arriskua ekar dezake, eta aniztasunaren ideia ahuldu.
- Gobernamentalitate linguistikoaren ideia aipatzen du: sistema linguistikoa gobernatzen duten praktiken, aktoreen, tekniken eta ezagutza teorikoen uztardura, alegia. Gobernamentalitateak dio zer dagoen ondo eta zer ez, zer den egokia eta zer ez. Terminoa, duen kutsuagatik, deserosoa izan daitekeela dio, baina horren atzean dagoen kontzeptua oso presente izan behar dela. Nahi izatekotan, Jackelinek ez du terminoa aldatzeko arazorik, eta gobernamentaliateari buruz hitz egin beharrean, gobernantzaz hitzegiteko aukera zabaltzen digu. Galdera pertinentea da: zein dira, bada, euskalgintzaren nondik norakoak definitzen dituzten praktikak eta ezagutzak?
- Entsanblajearen teoria ere kontuan hartzea proposatzen du. Euskalgintzaren mugimenduaren parte diren praktika, aktore eta ezagutza horiek guztiak elkarrekin nola konbinatzen diren aztertea eskatzen du, nolako aliantzak sortzen diren, nolako kontraesanak… Horrekin batera, aztertu beharko lirateke entsanblaje horietatik zeintzuk praktika, zeintzuk aktore eta zeintzuk ezagutza alternatibo ari garen baztertzen. Litekeena da hor aukera batzuk galtzen egotea.
- Transizioaren diseinuaz hitz egiten du eta horren sentsibilitateaz jarduteko gomendatzen digu. Mundu berri bat posiblea bada, bertan hizkuntza-aniztasunak zein paper jokatu behar duen pentsatzea proposatzen du, eta mundu horretarako transizioa diseinatzen hasi.
Artikulua hemen irakur daiteke: https://glotopolitica.com/aglo-4/urla/