Zenbait apunte, ikuspegi sistemikoaz

Topalabea taldeak argitaratu duen “Berrindartu eta Jauzi” txostena interesgarria da alde askotatik. Neroni bereziki iradokitzailea iruditu zait Karmelo Aiestak ikuspegi sistemikoaz egin duen azalpena. Gutxi gorabehera, honako panorama marrazten du:

  • Euskararen gizarte sistema oso egonkorra da. Erabilera %10-%15 tartean dago, eta jauzirik eman ezean, ez du ematen hor aldaketa handirik egon daitekeenik. Egindako ahaleginek errendimendu (erlatiboki) apala izan dute, eta azpisistema batek egiten duen ahalegina (euskararen azpisistemak) beste azpisistema batek neutralizatu eta baliogabetu egiten du (gaztelaniaren azpisistemak). Indarrak berdindurik antzematen dira. .
  • Horren aurrean, gure buruari erronka berri bat jarri beharko genioke: denon artean egoera desiratu berri bat definitu, alegia. Egoera desiatu hori iradoki ere iradokitzen du Karmelok: hurrengo hamarkadetan erabilera galizieraren edota katalanaren mailara eramatea, hau da, %30-%40 tartera.

Ikuspegi sistemikoak ekarpen interesgarriak egiten ditu. Sistemetan “palanka-puntuak” egon ohi direla dio. Horren arabera, funtsezkoa da palanka-puntu horiek identifikatzea, horiek erakusten baitute sistemaren zein puntutan eragin behar den, eraldaketa sakonak eragiteko. Ez da erraza. Antza denez, puntu horiek kontraintuitiboak izaten dira. Ez dira egoten espero ditugun lekuetan. Eta, sarri, kontrako norabidean egiten dugu indarra, egin beharrekoa egiten ari garelakoan.

15-15-15 aldizkaria ezagutzen duzue? Orain dela urte pare bat, Donella Meadows zientzilariaren artikulu polit bat argitaru zuen. Oso izenburu esanguratsua du: “Sistemekin dantza egitea”. Haren ustez, ezin da aurreikusi sistema batean zer gertatuko den; ezin ditugu sistemak erabat kontrolatu; ezin ditugu, besterik gabe, sistemak nahi dugun puntura eraman. “Hau egiten badugu, hau lortuko dugu” dioen leloa kimera bat da. Gehienez ere imajinatu ahal dugu sistema nora iristea nahiko genukeen, eta, gero, sistema zaindu, mimatu eta lagundu ahal dugu, etorkizun hori posible egiteko. Bere hitzetan, egin ahal dugun gauza bakarra horixe da:sistemekin dantza egitea.

Dantza, lorezaintza, musika, eski egitea… Horien modukoa da sistemekin lan egitea. Jarduera horiek guztiek egiten ari garenari adi egotea eskatzen dute, erne egotea… Beharrezkoa da oinarrizko trebetasun batzuk izatea, baina, batez ere, maitasun dosi handia eta pasio puntu bat.

Donella Meadows-ek zenbait aholku ematen ditu, sistemekin dantza egiteko:

  • Sistemari adi egotea eta ulertzen saiatzea… baina, batez ere, sistemaren erritmoa hartzea: iritsi den lekura nola iritsi den antzematea, sistemaren historia ezagutzea, etorkizun posibleak aurreikustea…
  • Sistemaren egitura ere aztertzea: bertan esku-hartzen duten elementuak, jokoan dauden indarrak, sistemak dituen mekanismoak…
  • Aurreiritziak baztertzea. Sistemek beti ez dute funtzionatuko guk espero dugun moduan.
  • Informazioa biltzea, sistema hobeto ulertzeko. Sistemaren barruko gertaerak ere behatzea, eta kanpoko faktoreek nola eragiten duten ikustea.
  • Halere, kontuan izatea dena ezin dela neurtu. Garrantzitsua eta pertinentea dena aztertu behar da, ez soilik neurtu daitekeena.
  • Konplexutasunari beldurra kentzea; gure inguruan non-nahi dagoela onartzea; konplexutasuna “ospatzea”
  • Sistemak, beste ezeren gainetik, interkonexioak direla ohartzea… pertsonen arteko interkonexioak ere bai. Testuinguru horretan, harremanak zaindu behar dira. ZAINTZA funtsezko elementu bat izan daiteke.
  • Esku-hartzea balioetan oinarritu. Esku-hartzeak zer nolako ondorioak izango dituen jakitea zaila denez, izan dadila gure balioekin koherentea, behintzat.

Artikulua hemen irakur daiteke: Bailar con sistemas

Izan ongi!

Amaren sua

Baga

Leku komunak, batzuen esanetan, sarri erabiltzen diren ideiak edo esamoldeak dira, erabiliaren erabiliz, higatu eta esanahia galdu dutenak.

Agian ez da horrela. Agian, leku komunek zerikusi handia dute erretorika klasikoaren topos kontzeptuarekin: konbentzio bat dira, topiko bat, molde normalizatu bat, euskarri komun bat, abiapuntu partekatu bat… horren gainean argudio bat edo diskurtso bat eraikitzeko. Niri esate baterako, “aitaren etxea” eta “amaren sua” topikoen arteko dikotomia izugarri aberatsa iruditu zait beti.

Biga

Lehendabizikoz Jon Sarasuari entzun genion amaren suaz hitz egiten. 2003an, hitzaldi batean, honela esan zuen:

… hizkuntz komunitatea esaten dudanean, hemen dago, nik uste, klabe inportante bat, eta hemen orain dela urte batzuk aipatu nuen horrelako zera bat, metafora bat, eta metafora hori zen amaren sua, eta amaren suaren metafora alboan jartzen nion aitaren etxearen metaforari. “Aitaren etxea defendituko dut”, Gabriel Arestiren poema. Zer izango litzateke aitaren etxea? Aitaren etxea izango litzateke egitura politikoa edo plano territoriala, plano instituzional-administratiboa, proiektu politikoa.

Eta nik amaren sua deituko nioke, berriz, gure jarraikortasun edo nortasun kulturalari, hau da, euskararen komunitatearen jarraikortasun horri. Hau da, euskaldunok euskaldun moduan, euskararen komunitate moduan.

Higa

Mario Zubiagak metafora horretan sakondu zuen, eta gizarte mugimenduen jardueran hiru politika-molde identifikatu zituen: boterera bideratua, eragitera bideratua eta identitatera bideratua. Lehenak “Aitaren etxearekin” identifikatu zuen, hirugarrenak “Amaren suarekin”.

Hemen irakurri > http://allartean.blogspot.com/2012/02/hiru-politika-molde-euskalgintzarentzat.html

Laga

Josean Artzek ere antzeko ideiak idatzi eta esan ditu, Oihana auhenka diska-liburuan:

                    aitak
                     aitak oihanetik egurra ekarri
                         baina sua,
                              antzina-antzinatik
                 gure etxeotan
                         etxeko sua, amak,
                                  amak zaindu ohi zuen
                                                   arreta amoltsuz…

                    ama ohi zen suaren apez!

                    amak sua zaindu…
                            eta ama, aitak.

Hemen entzun > Aitak oihanetik

Boga

Duela gutxi, Gontzal Mendibil kantariari hainbat kontu entzun dizkiogu Bittor Kapanaga Otxandioko euskaltzaleari buruz. “Lore hostoak” podcastean kontatu ditu. “Araban bagare” abesti ezagunaren letra, esate baterako, Bittor Kapanagarena da [ez nekien!] eta abestia nola sortu zuten kontatu du; izan ere, Bittor Kapanagaren ustez, Arabako euskara izan da euskalkirik zaharrena, eta Araban euskara salbatuz gero, euskara salbaturik legoke.

Gontzalek Bittorren eskutik ezagutu zuen Gabriel Aresti. Istorio polita kontatu du horretaz. Bittorrek Gabriel Aresti aurkeztu ondoren, bazkaltzera joan omen ziren, eta Gabriel Arestik hainbat poesia erakutsi zizkion Bittorri. Bittorrek: –Ez dakit, bada, zailegiak iruditzen zaizkit–, eta Arestik erantzun zion: –Bittor. Ona den guztia zaila da–. Bitorrek, orduan: –Arraultza guztiak biribilak dira baina biribila den oro ez da arraultza.

Beste behin “Gure aitaren etxea” poema ezagunaz ari zirela, Bittorek halaxe esan omen zion Arestiri: –Bai. Hori ondo dago… Aitaren etxea behar dugu, nahitaez, beti eta betiko! Baina, atzerago joan behar dugu, aurrera joateko…. Amaren sua birpiztu behar dugu, Amaren sua!–. Gontzalek “Amaren Sua” abestia sortu du Kapanagaren omenez argitaratu duen diskarako. Hemen ikusi > Gontzal Mendibil AMAREN SUA

Podcasta hemen entzun > Lore hostoak – Gontzal Mendibil

Sega

Mixel Ducauk eta Caroline Philips-ek osatzen duten BIDAIA taldeak Aitor Sarasuaren bertso batzuk baliatu zituen, Amaiurko gudari buruzko kanta bat egiteko. “Amaren sua” du izenburu:

Agian galdu da Aitaren etxea
Baina pizturik da, ezkutuan, Amaren sua

Hemen entzun > Bidaia (Mixel Ducau eta Caroline Philips). AMAREN SUA

Gehiago ere bada, baina nahikoa da gaurkoz. Izan ongi!

Ebaluazio ebolutiboa

Ohartu zarete hezkuntzan orain gutxixeago hitz egiten dela ebaluazio jarraituari buruz? Garai batean puri-purian egon zen hezkuntzaren diskurtsoan baina ez dakit ez ote duen indarrik galdu. “Ebaluazio jarraia” esaten zen orduan, Euskaltzaindiak “jarraitua” hobetsi arte. Ebaluazio jarraitua aldarrikatu eta beherala “kontrol” hitza agertu zen. Kontrola, hitz itsusiagorik! Ebaluzio jarraitua ez, baizik eta kontrolak noiznahi, bata bestearen jarraian. Gaztelaniaz are politagoa esaten zen hitz-jokoa: “evaluación continua vs. continuas evaluaciones”.

Kostatu da ebaluazio jarrituaren kontzeptua proiektuen ebaluaziora iristea. Proiektuen, programen eta planen ebaluazioa inpaktuen ebaluziorari eta amaierako ebaluazioari begira egon baita eta dago: “Esan genuena egin dugu?” “Horrek sortu al du espero genuen inpaktua?”.

Oso planteamendu lineala da, konplexitatea bere baitan biltzen ez duena. Testuinguru konplexu batean, ordea, ezezagunarekin jokatzen dugunean, irtenbideak ez dira hasiera-hasieratik garbi, baizik eta, sarritan, prozesuan zehar azalarazten dira.

Duela gutxi, Agirre Lehendakari Center taldeak artikulu interesgarri bat argitaratu zuen “ebaluazio ebolutiboari” buruz.

Haien ustez galderak aldatzea da gakoa: Egiten ari garena laguntzen ari da helburuak lortzeko? Zer gertatzen ari da? Zer funtzionatzen ari da? Zer aldatu behar da? Zer mantendu behar dugu? Zeintzuk prozesuren inguruan ari da entusiasmoa sortzen? Zenolako narratibak ari dira azalarazten? Narratiba horiek baliagarriak izango zaizkigu sistemak aldatzeko? Zeintzuk eragile berri ari dira azaltzen?

Artikulua laburtu beharko banu, niri bost puntu egin zaizkit bereziki deigarriak. Aholku moduan jaso ditut hemen:

  • Egiten ditugun ekintzen datuak jaso. Egiten duguna dokumentatu.
  • Ebaluazio ebolutiboa erabili, sistemaren funtzionamendua hobeto ulertzeko. Horretarako entzute sakona erabiltzea proposatzen dute.
  • Prozesuan zehar, eztabaidak eta erabakiak ere dokumentatu, erarik onena baita prozesuan azalarazten ari diren kontuak jasotzeko (etorkizun emerjentea).
  • Tarteka gogoeta-saioak antolatu datu horien gainean jarduteko: “Horrek zer esan nahi du?” “Zein da hurrengo urratsa?
  • Denok gara ebaluazioaren parte, baina komeni da funtzioak banatzea. Bada funtzio bat bereziki zaindu behar dena: “lagun kritikoa” deitzen diote. Lagun kritikoa zintzoa da, egiten ari garena zalantzatan jartzen du etengabe, baina gauzak era konstruktiboan azaltzen asmatzen du. Ez da erraza, gero!

Artikulua hemen.