Duela urtebete luze [horrenbeste? denbora-lapur ikaragarria izan da pandemia puñetero hau] saio batera gonbidatu ninduten Emuneko lagunek. Galdera, gutxi gorabehera, honako hau zen: «Zer da gaur egun euskara teknikari izatea? Zein gure lanbidearen gakoak» .
Iruditu zitzaidan galdera sakonegia zela, serio eta zuzen erantzuteko. Probokazio txiki bat eramatea pentsatu nuen (espero dut inork serioegi edo literalegi hartu ez izana). Ikigairen irudia eraman nuen, pentsatzeko baliagarria izango zelakoan.
Zerk mugitzen gaitu? Zergatik egiten dugu egiten duguna? Zergatik gara euskara-teknikari? Ikigai japonierazko kontzeptu bat da. Haren esanahia «bizitzeko arrazoia» edo «izateko arrazoia» omen da. Japoniako kulturaren arabera pertsona guztiok ikigai bat dugu. Bilatu beharra dago.
Elkar gurutzatu egiten diren lau zirkuluen irudiarekin irudikatzen dute ikigai. Zirkulu bakoitzak arrazoi nagusi bat adierazten du. Zergatik egiten dugu egiten duguna?
- Maite dugulako.
- Onak garelako horretan.
- Ordaintzen digutelako.
- Etorkizun hobe batean sinisten dugulako (eta etorkizun hori euskaraz sinisten dugulako).
Motibazioak hibridoak dira (orain eta beti). Zirkuluak gurutzatzen diren lekuetan, konbinaketa interesgarriak gertatzen dira:
- Egiten duguna egiten onak izatea eta horregatik kobratzea ez litzateke arraroa izan beharko: profesionalak izatea da. Hainbat lanbidetan “elite” moduko bat osatuko genuke (euskalgintzan ez, lasai). Akorduan dituzue serie amerikarretan ageri ohi diren kardiologo ospetsu eta aberats horiek? 🙂
- Egiten duguna maitatzea eta horretan onak izatea? Agian, poeta edo artista bohemio horien antzera irudikatu ahal ditugu gure buruak, ez zaizue iruditzen? Dirurik gabe, baina zoriontsuak 😉
- Gure lana maitatzea eta horretan sinistea. Egiten duguna etorkizun hobe baten alde jardutea dela sinistea… Kontxo, militantzia esaten zaio horri, ezta? Euskalgintzan horrela sartu ginen gehienok: gogo handiz (baina ezagutza txikiarekin).
- Eta esan gabe doa gozada bat dela sinisten duguna egin ahal izatea eta, gainera, horregatik kobratzea. Zorte ona dugu, alde horretatik.
Hiruko konbinaketak ere osatu litezke, eta lau elementuen gurutzaketara iritsi: ikagai dugu: ikigai. Utopia bat, agian!Esan bezala, probokazio txiki bat besterik ez da, gure lanbideaz pentsatzeko. On dagizuela!