DUELA 2-3 urte (Covidaren kontu honekin galdu dugu denboraren pertzepzioa), Eusko Ikaskuntzak antolatu zuen e5 egitasmoan parte hartzeko aukera izan nuen [5e: euskararen etorkizuneko eszenarioak elkarrekin eraikitzen]. Antolatzaileek uskararen etorkizuna irudikatzeko marko interpretatibo berri bat proposatu nahi zuten, eta hiru mintegi antolatu ziren horren harira:
- Tailer apreziatiboa. Hiztun-komunitatearen egungo aktibo nagusiak identifikatzea, proposatutako sei kapital nagusietako bakoitzean; hau da: kapital kulturala, kapital politikoa, kapital ekonomikoa, giza kapitala, kapital soziala eta (azpi)egitura-kapitala.
- Etorkizuneko eszenarioak irudikatzea (sormen-tailerra). Amets egitea. Egungo aktiboaren mapa ikusi ondoren, 2040. urtean sei kapital horietako bakoitzean zeintzuk aktibo garatu nahi genituzkeen proposatzea.
- Diseinu-tailerra. Bide-orriaren arkitektura lantzea. Irudikatutako aktibo horien konstelazioa eraikitzeko ekinbide gakoak zein diren erabakitzea, eta prozesua diseinatzeari ekitea.
Proiektua Iñaki Markok gidatu zuen, eta, beste hainbat ekarpen teorikorekin batera, arakatze apreziatiboaren enfokea defendatzen zuen. Geroztik horretaz zeozer gehiago ikasteko gogoa izan dut, baina ez dut orain arte paradarik izan. Liburuxka bat aurkitu dut sarean, eta horrekin jardun dut azken astean. Esanguratsuak iruditu zaizkidan apunte batzuk hartu ditut. Honako hauek, alegia:
- Ohartu zarete? Etengabe ari gara arakatzen. Etengabe galderak egiten. Egiten ditugun galderak giltzarrizkoak dira. Garrantzizkoa da fokoa non jartzen dugun. Zer da eraginkorragoa, arazoetan ala indarguneetan fokalizatzea?
- Intuizioak diosku, egoera bat konpontzeko, beharrezkoa dela gaizki dagoena aldatzea. Anti-intuitiboa da indarguneetan fokalizatzea. Baina, ikuspegi sistemiko batetik, irtenbidea ez da arazo isolatuak konpontzea. Sistemari begiratu behar zaio.
- Funtsezkoa da galdera egokia asmatzea. Arakatze apreziatiboan “topiko afirmatiboa” deitzen diote galdera horri. Zerbait motibagarria izan behar du, inspiratzailea, taldean dauden indarrak mugiarazteko adinakoa.Topikoa taldean bertan bilatu behar da: zertaz hitz egiten du taldeak, zein dira bere kezkak…
- Arakatze apreziatiboaren atzetik hainbat printzipio interesgarri daude:
- Konstruktibismoa. Mundua hizkuntzaren bidez sortzen dugu: gure elkarrizketetan, gure errelatoetan, gure metaforetan.
- Printzipio poetikoa. Galdera eta interesgune berriak mahaigaineratzen ditugunean, ekintzarako ere ortzemuga berriak sortzen ditugu.
- Aldiberekotasunaren printzipioa. Galderak egiten ditugun unean bertan errealitatea aldatzen hasi gara, baita geure burua ere.
- Antizipazioaren printzipoa. Etorkizun bat irudikatzen dugunean, lehen pausua eman dugu etorkizun hori sortzeko.
- Printzipio positiboa. Esperantza eta bizipoza deskubritzen dugunean, ekintzara bideratu daitekeen energia sortzen dugu.
- Printzipio narratiboa. Garrantzizkoa da zer kontatzen dugun eta nola, baita gure buruari zer kontatzen diogun ere. Izugarria da errelatoek pertsonak mobilizatzeko duten indarra.
e5 egitasmoan bezala, lau fase proposatzen ditu arakatze apreziatiboak: (a) deskubrimendua, (b) desira, (c) diseinua, (d) helmuga. Iruditu zait bereziki lehen bietan jartzen dituela arreta eta indarra: indarguneak identifikatzea (deskubrimendua) eta etorkizun desideratuak marraztea (diseinua). Edonola ere, ez dut uste kontu metodologiko hutsa denik. Iruditzen zait berrikuntza begirada-aldaketa dela.