Wabi-Sabi

Gauza inperfektuen, osagabeen
eta aldakorren edertasuna da
Wabi-sabi.
Gauza modesto eta apalen edertasuna.
Gauza ez-ohikoen edertasuna.

Zaila omen da wabi-sabi zer den azaltzea. Ezin omen da hitzetan azaldu (dakitenek ez dute esaten, esaten dutenek ez dakite). Emozio bat da. Filosofia bat.

Wabi-sabi moduko gauzak zer dira? Hori ere zaila da esaten, baina ezaugarri bereziak dituzte:

  • Prozesu naturalen antza dute: zaurgarriak dira, hauskorrak.
  • Irregularrak dira: ez dute zerikusirik erantzun konbentzionalekin.
  • Okerrak dira, arraroak, ez-ohikoak, bitxiak.
  • Intimoak dira: txikiak, zehatzak, konpaktuak, beren baitan bilduak.
  • Pretentzio handirik gabekoak dira: ez dira museo batean gordetzeko modukoak, anonimoak dira, apalak, handinahirik gabekoak.
  • Zakarrak dira, batzutan. Latzak, lakarrak.
  • Lausoak dira; ez dute ezaugarri erabat markaturik.
  • Sinpleak dira, artifiziorik gabekoak.

Wabi-sabiaren handitasuna gauza txikietan dago, xehetasunetan.

Egun, zaila da jardunaldi batera joatea, “praktika onak” edo “jardunbide egokiak” izeneko ponentzia bat topatu gabe. Printzipioz ideia erakargarria dirudi: praktika arrakastatsuak identifikatu, dokumentatu eta zabaldu. Oso kutsu positiboa du, desiragarria.

Halere, zenbait kritika ere entzun izan ditut, oso kontuan hartu beharko genituzkeenak. Jardunbide onetan oinarritutako metodologiak –aditu batzuen arabera– zehaztasun teoriko gutxi du, eta horren erabilgarritasuna ere zalantzagarria da. Diotenez, kontzeptuaren bi parteak dira eztabaidagarriak: “jardunbidea” eta “ona”. Jardunbideari dagokionez, ahaztu egiten dugu giza-jarduerak konplexuak direla izatez. Ezin dira jarduteko modu jakin batera mugatu. Testuinguruak ere garrantzitsuak dira. Eta… zerbait ona edo txarra dela erabakitzea (hau da, gainerako alternatibak baino hobea edo txarragoa dela esatea) erabat ideologikoa da: balioak eta uste teorikoak daude oinarrian.

Hortaz, hainbat galdera okurritzen zaizkit. Adibidez:

Nork erabaki dezake jardunbide bat ona den ala ez? Nork du horretarako ahalmena / eskumea / legitimitatea? Nork eman dio ahalmen hori? Eta… zer nolako interesak ditu horretarako? Zein dira horren atzean dauden uste teorikoak? Eta… balioak? Zeintzuk ebidentziatan onarritzen da? Eta jarduera hori praktika ona dela aitortzeak… zer nolako ondorioak ditu?

Beharrezkoa da ikuspegi kritikoa. Gainera… ondo pentsatzera jarriz gero, zer esango dizuet? Jardunbide onak baino, wabi-sabi moduko jardunbideak nahiago ditut nik: sinpleak, apalak, intimoak, hauskorrak, inperfektuak… Horietatik ere asko ikasi daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude