ALISON PHIPPS Glasgowko unibertsitateko irakaslea da. Errefuxiatuei lotutako gaiak lantzen ditu, kulturartekotasuna, eleaniztasun kritikoa, hizkuntzen irakaskuntzaren ikuspegi dekoloniala eta abar. Horietako kontu asko Decolonising Multilingualism (Struggles to Decreate) liburuan azaltzen ditu. Idazkera berezia erabiltzen du: prosaren eta poesiaren hibrido moduko bat. Atal bat Interneten eskuratu ahal da: Manifestu txiki bat eleaniztasuna dekolonizatzeko (pdf).
Haren ideietako asko erdi-euskaratu eta erdi-egokituz gero, honelako zerbait gera liteke:
Eta... egia balitz
ene eleaniztasunak
menperatu eta azpiratu egiten dituela
hizkuntza txiki zenbait?
Eta egia balitz?
Eleaniztasuna dekolonizatu behar badugu...
zeren zain gaude?
Egin dezagun!
Ez da behar teoria gehiago,
Baina egin behar da.
Egiten ahalegintzea da egiteko modu bakarra.
Egin behar badugu,
Hegoalde globalera begira dezagun,
Bada hor zer ikasi.
Badira hor erreferente baliotsuak.
Egin behar badugu, inprobisatu dezagun.
Sor ditzagun ideia berriak.
Dekolonizazioa arte bat da. Sormena.
Egin behar badugu, bidaideak beharko ditugu: aliatuak eta konplizeak
Elkarrekin konspiratu egingo dugu;
con-spirāre: elkarrekin hartu arnas.
Egin behar badugu, errelato bat beharko dugu, poetika bat,
aktibismoa ere bai.
Egin behar badugu... maila bietan egingo dugu:
lokalean eta globalean.
Tokiko hizkuntzak erabiliko ditugu:
komunitateek beren mundua izendatzeko erabiltzen dituzten
eleak eta aleak.
Egin behar badugu, hizkuntza txiki anitzetan egingo dugu.
Hainbat burutazio 😉
- Bat. Hizkuntza indarberritzeaz ari garela, Kataluniara, Quebecera edo Europara begiratu izan dugu sarri. Gehienok berriki hasi gara ohartzen hegoalde globalean ere badela erreferenterik eta ikasbiderik. Izen batzuk orain hasi gara ezagutzen. Esperientzia batzuk ere bai.
- Bi. Dekolonizatzea autozentratzea ere bada, eta gure tradizioari begiratzea. Askoren ustez, Txepetx izan zen euskal soziolinguistika kritikoaren sortzailea. Gehiegi esatea ote da? Agian. Baina merezi du haren ideiak errebindikatzen jarraitzea; beste hainbat erreferenterekin batera. Niretzat badira izen funtsezkoak: Txillardegi (jakina), Joxe Azurmendi, Erize, Inazio Agirre… bakan batzuk aipatzeagatik.
- Hiru. Hizkuntzen pedagogia ere dekolonizatu beharra aldarrikatzen du Alisonek. Euskaltegien munduan gauza interesgarriak egin direla iruditzen zait; baina, orohar, esango nuke ingelesaren irakaskuntzari lotuegi garatu dela. Ez da kritika bat. Logikoa ere bada: negozio bat da ingelesaren irakaskuntza, eta negozioa dagoen lekuan egon ohi da ikerketarako dirua. Baina… gogoratzen duzue AEK-k argitaratzen zuen ELE aldizkaria? Lehenengo zenbakietan Ekintza Bidezko Ikaskuntza edo Kulturgintza izeneko metodologia landu zuten luze-zabal. Zer esango dizuet, bada! Nabaria da Paulo Freireren eragina. Ahaleginak egin ziren ideia horiek praktikara eramaten, baina ezin izan ziren errotu. Batzuetan inpresioa dut egun puri-purian dagoen Ataza Bidezko Ikaskuntza badela, nonbait, haren bertsio desideologizatu moduko bat.
- Lau. Hezkuntza arautuaren kasuan ere joera berriak omen datoz. Translanguaging da modako hitz berria. Haren arabera, eskolan hizkuntza guztiek izan behar dute lekua, eta ez omen da egokia hizkuntza bakoitza era isolatuan landu nahi izatea, gizartean isolatuak ez daudelako. Iñaki Martinez de Lunari zeozer irakurri diot horretaz. Haren ustez, arriskutsua izan daiteke kontzeptu hori besterik gabe gureganatzea. Desastre txiki bat izan liteke, horrek euskarari lekua murrizten badio. Beharrezkoa da, haren esanetan, aurrez lanketa kritiko bat egitea: irakurketa propio bat, gure errealitatetik abiatuta. Guk geuk definitu behar dugu gurean kontzeptu hori nola aplikatu.
Alison Phippsekin jarraitzera animatzen bazarete, badu TED hitzaldi horietako bat youtuben. Hemen: Mundu eleanitzetan bizitzen ikastea. On egin!