Berezia, oso berezia da Carme Junyent irakaslea uda honetan VilaWeb atarian eskaintzen ari den opor-koadernoa. Orain arteko apunte guztiak hemen irakurri ahal dira: https://www.vilaweb.cat/categoria/opinio/llibreta-de-vacances/
Aurretik ere, guretik ikusita polemiko samar diren zenbait ohar idatzi izan ditu Carme Junyentek.
Adibidez, ofizialtasunaren onurak jarri izan ditu zalantzatan, eta horren mugak azpimarratu izan ditu. Haren esanetan ofizialtasuna oso kontu merkea da. Erraza da ematea, baino ez du balio handirik. Hizkuntza indartsuek ez dute ofizialtasunik behar, eta hizkuntza txiki eta ahulek oso onura txikia jasoko dute bertatik.
Hizkuntza ez-sexistari buruz ere ikuspegi polemikoak defendatu izan ditu. Sarritan esan izan du hizkuntzak ez direla sexistak; baizik eta jendea edota gizartea bera. —Zer uste duzue? —esan izan digu— Benetan sinisten al duzue hizkuntza aldatzea nahikoa dela gizartea aldatzeko? Ez horixe! Gauzak ez dira horren sinpleak! Gizartea aldatzen saiatu, eta hizkuntza bakean utzi!
Kosta egingo zaigu ikuspuntu horiek onartzea, baina, era berean, ezin diegu arrazoi puntu bat ukatu.
Oraingoan ere adierazpen polemiko batzuk egin ditu. Adibidez:
“Katalanaren etorkizuna zure esku dago” (El futur del català depèn de tu) izenburua duen liburu bat aterako dut aurki. Nire ustez, hizkuntza-politikaz fidatzen bagara, lau egunetan hizkuntzarik gabe geldituko gara. Jakina hizkuntza-politika beharrezkoa dela eta horretan sinisten dudala, baina hizkuntza-politika ezin da zuzendaritza nagusi batetik kudeatzen den ataltxo bat izan, baizik eta herri mailako proiektu bat, herritar guztion partaidetzaz eraikia. Murgiltze linguistiko orokor moduko bat, alegia.