Txakurrak oinutsik Katalunian ere? Imanol Larrearen artikulua irakurri, eta ezin izan diot tentazioari eutsi. Bikain adierazten du Kataluniako hizkuntza egoera: “herritar gehienek dakite katalanez hitz egiten, batez ere gazteek, biztanleen erdiek inguru egin ohi dute katalanez egunerokoan dezente edo asko, eta urritzen ari dira soilik katalanez edo soilik gaztelaniaz bizi direnak”
Han ere arazoak dituzte baina —Imanolek esan bezala— “ezin dugu ahaztu goragoko kategoria batean ari direla jokatzen. Adibidez, Kataluniako eskualde guztiek UEMAko kide izateko eskatzen den hiztun proportzioa baino handiagoa dute”.
Esan bezala, ezin izan diot tentazioari eutsi. 2018ko datuak dira orain zabaltzen ari direnak, eta gure inkesta soziolinguistikoak 2016ko datuak eman ditu. Alderatzeko modukoak izan daitezkeela iruditu zait. Bai, badakit beste kategoria bat dela, baina alderaketa interesgarria iruditu zait, gure tamainaren neurria emateko.
Hiru datu jarri ditut elkarren ondoan. Ez dut baloraziorik egin:
- Katalunian, 2018an, 7.600.065 pertsona bizi ziren, horietatik % 18,2 atzerrian jaioak. Inkesta egiteko, 15 urte edo gehiagoko biztanleen unibertsoa hartu da kontuan: 6.443.771 pertsona, alegia. Kontuan izan soilik Katalunia dela (ez Herrialde Katalanak).
- Euskal Herrian, orotara, 3.140.000 pertsona bizi gara; horietatik 2.200.000 inguru, EAEn (2.800.000 inguru Hegoalde osoan). Atzerrian jaiotakoak % 9,43 dira EAEn eta % 14,24 Nafarroan. Ez dago Iparraldeko daturik.
- Katalunian, 15 urtetik gorako pertsonen artean, %31,5ek katalana izan dute lehen hizkuntza moduan, eta % 36,3 katalanarekin identifikatzen dira nagusiki; bostetik lauk (% 81,2) katalanez hitz egiteko gaitasun nahikoa dutela adierazi dute, eta ia denek (% 94,4) katalana ulertzen dute.
- Euskal Herriko inkesta soziolinguistikoaren arabera, % 28,4 dira euskaldunak eta % 16,4 elebidun hartzaileak. Hortaz, esan daiteke % 28,4k euskaraz hitz egiten dakitela eta % 44,8k euskara ulertzen dutela. Katalunian ulermen unibertsaletik gertu daude; gurean, erdira ez gara iristen (nahiz eta gertu egon). EAEn datuak hobexeagoak dira: % 33,9 eta % 53, hurrenez hurren.
- Kataluniako hiru herritarretik batek (%36) ohiko hizkuntza modura erabiltzen du katalana. Lautik hiruk (% 76,4) katalana erabiltzen dute egunero.
- Euskararen erabilera trinkoa (euskaraz erdaraz baino gehiago edo euskaraz erdaraz bete) % 16,5 da Euskal Herrian. Erdaraz baino gutxiago hitz egiten dutenak batuz gero, kopuru hori % 25,7ra iritsi daiteke. EAEn kopuru horiek % 20,5 eta % 30,6 dira, hurrenez hurren.
Kataluniako inkesta soziolinguistikoari buruzko informazioa oso-osorik hemen: Resultats de l’Enquesta d’usos lingüístics de la població de Catalunya 2018. Berria egunkariak oso laburpen ona argitaratu du: Geldialdia katalanaren erabileran
Inkesta soziolinguistikoa alde batera utzirik, Plataforma Per la Llengua elkarteak datu deigarria eman du, duela gutxi. Hizkuntzen erabilerak neurtu dituzte hiriguneetako eskola eta institutuetako patioetan, eta soilik elkarrizketen % 24,3 izan dira katalanez jaso dituztenak. Alde nabarmena da lehen eta bigarren hezkuntzaren artean: lehen hezkuntzan % 35, eta bigarren hezkuntzan % 14,6 besterik ez. Xavier Vila irakasleak galdera horixe egin zuen orain dela urte batzuk: Hem guanyat l’escola però hem perdut el pati?. Galdera mingarria: eskola irabazi, eta patioa galdu al dugu?
Gurean, ARRUE azterketak ematen digu eskolako hizkuntza-erabileren berri. Gurean, ordea, datu horiek ikasleek aitortuak dira (ez behatuak). Hori horrela, ARRUEren arabera, LH4ko ikasleen artean, euskararen erabilera batez beste % 40,9 da, ikaskideekin jolaslekuan ari direnean. DBH2ko ikasleen artean, ordea, % 23,6 da. Datu optimistegiak dira, agian; baina hemen ere adierazgarria da LHren eta DBHren artean dagoen aldea.
Bide batez… izan al duzue azterketa horrek piztu duen polemikaren berri?
Lotsagarria, ezta? Gure artean ere izan ziren antzeko polemikak orain dela urte batzuk. Akordatzen?