Mapeoa modako hitza bihurtzeko bidean da: hitz magikoa; totem txiki bat. Mapeoak non-nahi egingo ditugu: herriz herri eta sektorez sektore. Norbanakoak zein entitateak identifikatu… baina sistema baten baitan betiere eta ezinbestean. Sistema hori kartografiatzea da mapeoa.
Orain dela urte batzuk, goiz bateko formazio-saio bat izan genuen partaidetzan aditua (eta aritua) den Tomas R Villasante irakaslearekin. Mapeoak haiek nola egiten dituzten azaldu zigun: aktore nagusien mapak dira (mapa de actores clave) eta soziogramak erabiltzen dituzte horretarako. Ez dira balizko eragileen zerrenda hutsak. Grafiko bakar batean aktoreak zein diren eta aktore horiek proiektuarekiko dituzten helburuak, motibazioak eta kokapenak erakusten dituzte.
Komunitate batean proiektu bat gauzatzeko eskura dauden aktiboak agerian jartzea da: aktiboen mapak dira.
Eragileak identifikatu ahala, bi ardatzen arabera kokatzen dira grafikoetan:
- Batean eragile bakoitzak proiektuarekin duen kokapena adierazten da: erabat aldekoa (gutarra), aldekoa (baina diferentea), indiferentea, kontrakoa.
- Bigarrean, eragile bakoitzaren agentzia-gaitasuna islatu behar da: bakoitzaren influentzia; hau da, proiektuan zenbatean eragin dezaketen (onerako edo txarrerako)..
Azkenik, elkarren artean dauden loturak islatzen dira: harremanak, gatazkak, aliantzak…
Gogoan dut Villasantek esandakoa. Mapa horiek era kolektiboan eraiki behar dira; ezin dira bulego batean sortu; izan ere, ERAIKI egin behar dira. Gainera, sortu ahala iraungi egingo dute, helburua ez baita errealitatea errepresentatzea, errealitatea eraldatzea baizik.
Egia esan, emaitzak ikusgarriak dira. Denbora laburrean egoera konplexu baten errepresentazio esanguratsua lortu daiteke, errazkerietan eta gehiegizko sinplikazioetan erori gabe.
Tomas R Villasante pertsonaje bat da. Youtube-n bideo pare bat aurkitu ditut, non formazio-lantegi horretan kontatu zizkigunak kontatzen dituen. Atentzioa ematen du zeinen erraz kontatzen duen eta zeinen erraz egiten duen. 😉
Bideoak hemen: