Oso ezaguna ez bada ere, Mikel Zalbidek lan interesgarria egina du Fishmanen BAEN eskalaren inguruan (belaunen arteko etenaren neurria). Gogoratzen duzue, ezta? Fishmanek 8 mailadun eskala bat proposatu zuen, handitik txikira, hizkuntza minorizatuaren dislokazio maila ezberdinak deskribatzeko:
Zalbidek 6. mailan jartzen du fokoa. Bere ustez, hor dago erronka. Halere, uste du eskala ezin dela era linealean ulertu. Ziur aski, orain eta hemen (Euskal Herrian), urrats guztiak batera ematen ari direla dio: oso litekeena da leku batean 2. mailatik oso gertu egotea (herri arnasgune euskaldunetan, esate baterako) eta beste batean, 7.ean egotea (Iparraldeko hainbat herritan, akaso).
Zalbidek, Fishmanen eredutik abiatuta, 14 atal dituen eredu bat proposatu du. OEDA deitu dio: Euskararen Osasun Diagnostikorako Aplikazioa. Han, Fishmanen 6. urrats horren baitan azpi-eskala bat proposatu du, Euskal Herrian ematen diren fenomenoak hobeto atzemateko:
- (BZ-6a): herritarren eguneroko jardun arrunta euskaraz da, hitzez
- (BZ-6b): herritar gehienen eguneroko jardun arrunta euskaraz da; baina hainbat herritarrek erdaraz egiten du.
- (BZ-6c): hainbat herritarrek euskaraz egiten du sarri eguneroko jardun arruntean; zenbaitek bietara; hainbatek erdaraz.
- (BZ-6d): herritar gehienek erdaraz egiten dute; hainbat herritarrek euskaraz egiten du etxean, lagunartean eta, hainbatetan, kalean.
- (BZ-6e): herritar gehien-gehienek erdaraz egiten dute; batzuek euskaraz edo bietara egiten dute etxean eta lagunartean, gainerakoan erdaraz.
Haren esanetan:
“Euskal hiztun gehienok ez gara arnasguneetan bizi; (BZ-6c)ko ingurumen zabalagoetan ere ez. Hiriburuetan eta herriburu nagusietan bizi gara gehienok: (BZ-6d)ko ingurumenetan batzuk (demagun Donostian eta bere gerri-bueltan: Irundik Andoaina doan konurbazio gehiena), (BZ6e)koan besteak (tartean Bilbo-Iruña-Gasteiz-Baiona). Bertan jaiotako euskal hiztunen eta bizi izatera etorritako euskaldunen bilgune ditugu lekuok. Gutxi-asko erdal-giroan murgil eginik bizi gara bertako gehienok.
Bere ustez, erdara nagusi den hirietan [(BZ-6d) eta (BZ-6e)] euskal giro arrunta berreskuratzen saiatzea da erronka. Hau da: (BZ-6d) (BZ-6e) ⇒ (BZ-6b) (BZ-6c). Oso-oso lan zaila da hori, bere esanetan:
“Erdara nagusi (askotan jaun eta jabe) den ingurumenotan euskarazko hiztun-taldeak edota harreman-sareak eratzea eskatzen du horrek, lehendik bizirik daudenak mantentzeaz gainera. Nola egin hori? Aurreko atalean azaldu den bide batezko euskalgintzaz edo bide batezko hizkuntza-plangintzaz baliatu behar da hemen ere. Euskarazko zerbitzu-eskaintza eratu behar da hor ere, halakorik nahi edo behar duten euskaldunentzat. Goitik beherako plangintza instituzionalak dagoeneko eskaintzen dituen euskarazko eskolatze- eta alfabetatze-aukera ugariez gainera, eta behetik gorako perspektiban seguruenik, euskaldun-jendearen arteko harreman-sare informalak eratu, zabaldu, indartu eta bizirik mantendu behar dira.
Auzo-laguntzan oinarrituriko formulazioa dugu, horretarako, hoberena: euskaldun-jendeak behar dituen zerbitzu normalak euskaraz eratu eta “D eredu” moduan eskaintzea. Herritarren benetako beharrei erantzuteaz gainera, “bide batez” alegia, esparru informal-intimoetan euskarazko jarduna indartzeko eta zabaltzeko neurri egokia da hori. Izugarri lan delikatua da: arras delikatua baina, kreatibo-modernoa eta, bere aje guztiekin, askogatik emankorrena.”
Gaizki ulertu/interpretatu ez badut, ideia interesgarriak iradokitzen ditu Zalbidek:
- Hizkuntza biziberritzearen ikuspegitik, hiriek behar berezituak dituzte: batzuk hiri bakoitzaren egoera soziolinguistikotik datozkio, baina beste batzuk hirien berezko izeratik eta egituratik, agian. Hirien Soziolinguistikarekin edo Soziolinguistika Urbanoarekin dute zerikusia.
- Hirietan euskaldun ugari izanik baina —sarritan— sakabanatuak, beste inon baino beharrezkoagoa da euskara erabiltzeko aukera estrukturalak sortzea: euskaraz funtzionatuko duten espazioak eta harreman-sareak, alegia.
- Horrek gainditu egiten ditu “ohiko” euskalgintzaren mugak. Gainditu? Agian “zabaldu” esan beharko genuke. Zalbidek berak teorizatu zuen “berariazko euskalgintza” eta “bidez batezko euskalgintza” zer diren. @garagoikoa blogean ederki azalduta dago: https://www.argia.eus/blogak/txerra-rodriguez/2014/09/25/bide-batezko-euskalgintza/. Horixe da, beraz, proposamena: administraziotik eta euskalgintzatik harago, gizarte eremu anitzetan diharduten entitateek iniziatiba eta protagonismoa hartzea.