OSO BEREZIA da kognizioaren eta diskurtsoaren arteko erlazioa. Harreman zirkularra da: kognizioak —ikuskerak, alegia— diskurtsoa baldintzaten du, eta diskurtsoak kognizioa. Gainera, beste ezeren gainetik kognizioa fenomeno soziala denez, erlazioa hiruki baten moduan ageri izan da sarri: kognizioa, gizartea eta diskurtsoa. Modu sinple (baina inkonpleto) batean esateagatik: gauzak nolakoak diren, gauzak nola pertzibitzen ditugun eta gauzak gure buruari nola kontatzen dizkiogun.
Euskarari buruzko diskurtsoaz ari garenean ere, iruditzen zait oso begi-bistan izan beharreko ikuspegia dela:
- Lakoff eta enparauen planteamendutik abiatuta, Mtz de Lunak FRAMING deitu izan dio erlazio horri. Euskararen kasua aztertu du eta euskal gizartean nagusi diren “markoak” identifikatu (aldarrikatzailea eta uzkurra). Ondoren, diskurtso berri baterako oinarriak proposatu ditu. Hemen.
- Lorea Agirrek euskararen ekibalentzia-katearen ideia erabili izan du: euskarari zein ideia edo zein hitz lotzen diogun. Euskara entzun eta zeintzuk balore, ideia eta erreferente pizten zaizkigun… horixe da ekibalentzia-katea.
- Van Dijk hizkuntzalariak askotxo teorizatu du kognizioa-gizartea-diskurtsoa loturaz, eta —azken buruan— ideologiaz hitz egiten amaitu zen, bere ustez, ideologia horixe baita: kognizio sistema partekatu bat.
Jone Miren Hernandezek, antropologoa den heinean, kulturaz hitz egitea nahiago du. “Gu gazteok” (pdf) lanean honela dio:
Hiztun berrien belaunaldi bat sortu dugu, euskara ikasi dute eta euskararen (hizkuntzaren) kulturan sozializatu dira. Baina ez dakigu euskarak eta euskararen kulturak gazteei zer eskaintzen dien, edo nola artikulatzen / txertatzen duten kultura hori beraien gazte izaeretan.
Ideia interesgarria iruditzen zait. Sakondu beharrekoa…. Litekeena da kontu terminologiko hutsa izatea, baina atsegingarriago egiten zait euskararen kulturaz hitz egitea, diskurtsoaz, framingez edo prestigioz hitz egitea baino. Jone Mirenen ustez, sarri hitz egin izan da euskal kulturari buruz, baina gutxi edo batere ez hizkuntzek sortzen duten edota hizkuntzen bitartez sortzen eta garatzen den kulturari buruz.
Jone Mirenek hizkuntzaren hiru dimentsio proposatzen ditu hizkuntzaren gaineko kultura bat eraikitzeko: materiala, kolektiboa eta ideologikoa. Haren ustez, hiru dimentsio horiek behar-beharrezkoak dira euskararekiko atxikimendua (jarrera, motibazioa…) garatzeko:
a) korpus bat, erreferente materialak, fisikoak eta gorpuztuak (literatura, kantak, hiztegiak, gramatika bat, Euskaraz bizi nahi dut afixa, Korrika, euskaltegiak, euskara irakasleak, bertsolariak, eta abar);
b) talde, gune edo komunitate ezberdinak zeinetan hizkuntz harremanak gauzatzen diren (mintzalagunak, euskara elkarteak, hezkuntza komunitateak, ikasleak, lankideak, dendariak, tabernariak, seme-alabak, eta abar luze bat)
c) ideiak, irudikapenak, argudioak, metaforak hizkuntzaren inguruko diskurtsoa(k) osatuko dutenak (maitagarria, nirea, gurea, praktikoa edo pragmatikoa, politikoa, negozioa, sexista, beharrezkoa, etxekoa, eta horrelakoak).
Hiru dimentsio horiek osatuko lukete hizkuntzaren kultura. Ikuspegi interesgarria iruditzen zait, orain arteko perspektibak integratu eta osatu egiten dituelako. Gazteei buruz ari delarik, Jone Mirenek “euskararen kulturari erreparatzeko beharra eta euskararen kultura erreparatzeko beharra” aldarrikatu izan du. Harek esan bezala, aztertu beharra dago “euskarak eta euskararen kulturak gazteei zer eskaintzen dien” eta, beharrezkoa bada, aukera eman euren errealitatera egokitu dezaten.