Gogoratzen al duzue Nelson Mandelaren esaldi ospetsu hura? “Inori ulertzen duen hizkuntza batean hitz egiten badiozu, haren burura iritsiko zara. Haren hizkuntza propioan hitz egiten badiozu, haren bihotzera iritsiko zara.” Nelson Mandelak, Robben Island preso egon zen bitartean, afrikaans ikasi zuen eta afrikaans hizkuntzaz jarduten omen zuen bere zaindariekin.
Esaldia zentzu metaforiko hutsean ulertu izan dugu, baina hori baino gehiago omen da. Kontua haratago doa, alegia. Koxka hau da: egoera baten aurrean erabaki berdin-berdinak hartuko genituzke, gure hizkuntza propioan eta atzerriko hizkuntza batean? Antza denez, ez.
Jon Andoni Duñabeitia hizkuntzaren zientzia kognitiboan aditua da, eta Nebrija unibertsitatean ari da lanean. Hitzaldi bat eman berri du Gasteizen, HABEk antolatua, euskaltegien ikasturte akademikoari hasiera emateko.
Jon Andonik tranbiaren dilema azaldu zuen:
(a) Tranbia bat kontrolik gabe doa abiadura bizian, eta, ezer egin ezean, aurrean dituen bost pertsona hilko ditu. Aukera bakarra dago: tranbidea desbideratzea. Baina, tamalez, hori eginez gero, tranbiak ondoko trenbidean dagoen pertsona bat hilko du ezinbestean. Bizitza bat bosten truke.
(b) Tranbiaren dilemak bigarren parte bat du. Egoera berbera da, baina orain dagoen aukera bakarra da zubi baten gainean dagoen seigarren laguna trenbidera bultzatzea. Bere gorputzarekin tranbia geldiaraziko du, baina hilko da. Hemen ere bizitza bat bosten truke.
Hainbat lagun bildu eta dilema proposatu omen zieten. Bi talde egin zuten: batzuek bere lehen hizkuntzan jardun zuten (H1), eta besteek bigarren hizkuntza batean (H2). Emaitzak alderatu zituzten, alde esanguratsurik ote zegoen ikusteko:
- Lehen kasuan ez zuten alderik ikusi. Talde batean zein bestean, % 80k erantzun zuen trenbidea desbideratuko zuela.
- Bigarrenean, bai. Bigarrenean aldeak ikusi ziren. Soilik % 20 izan zen seigarren laguna trenbidera bultzatzearen aldekoa, bere hizkuntza propioan aritu zirenen artean, baina kopuru hori bikoiztu egin zen bigarren hizkuntzan jardun zutenen artean (% 40).
Bigarren hizkuntzan ari garenean, hortaz, erreflexiboagoak omen gara: erantzun hotzagoak eta arrazionalagoak ematen ditugu, ordenadore baten aurrean egongo bagina bezala. Gure hizkuntza propioan ari garenean alde emozionala nagusitzen da.
Entzun bezala kontatu dizuet. Bitxia, ezta?
Hitzaldia bideoz grabatu zuten. Hemen duzue: bit.ly/EmozioakEtaHizkuntzak