Ikuspegi apreziatiboak abantaila handiak ditu. Baikorra da. Adorea ematen du, eta bizipoza ere bai. Akatsak onartzen ditu, baina ez doa propio haien bila, helburua hori ez baita. Ondo egindakoetan oinarritzen da, aurrera-pausuak —eta ahal dela, aurrera-jauziak— emateko. Palankak indarguneetan bilatzen ditu.
Euskalgintzaren balio-sistemari buruzko azterketa ildo horretan oinarritua sortu da.
Kontraesan gehixeago sortzen dizkidaten ideiak badira. Ez nago erabat horien kontra, nik neuk ere nahi baino barneratuxeagoak ditudala iruditzen baitzait. Esango ditut, gogoetarako besterik ez bada ere.
Proiektua pertsonen gainetik
Militantzia, ardura, konpromisoa, eskuzabaltasuna, sakrifizioa… euskalgintzaren ideia gakoak izan dira. Ziur aski tradizio judeo-kristautik eratorritako kontzeptuak dira. Gakoak izan dira iritsi garen lekura iristeko, baina mina ere min ugari egin dute. Zenbat jende erre da bidean? Hitz egin ahal da burnout sindromeaz euskalgintzan? Egin dira ahaleginak ideia horiek erlatibizatzeko eta bere lekuan eta bere neurrian jartzeko. Gustatu zitzaidan Joxemi Zumalabe fundazioak horretaz egin zuen azterketa eta gogoeta. Iruzkin bat egin nuen hemen: https://www.garabide.eus/blogak/allartean/2014/10/26/adorez-eta-atseginez/
Ekosistema xinpleagoa beharko genuke
Aho txikiz bada ere, sarri entzun den iritzia da: “euskalgintzan erakunde gehiegi gara; ekosistema xinpleago beharko genuke”. Diseinu perfektuaren mitoa dago horren atzean: goitik behera ondo diseinatutako euskalgintza behar dugu; erakunde bakoitzak bere funtzioa behar du, eta funtzio bakoitza erakunde batek bete behar du era kasik-esklusiboan; diseinuan bertan bermatu behar da ez dela disonantzirik sortuko; eta “zuzendaritza” bakarra eta komuna izango bagenu… hori “demasa” litzateke.
Esajeratzen ari naiz? Litekeena da, baina… funtzio banaketaz edota euskalgintzaren baitan lidergoaz eta gidaritzaz hitz egiten dugunenan, ez ote dugu ideia hori buruan?
Ez hartu hau guztia seriosegi! Barruan ditugun kontraesanak dira, besterik ez.