HPP: Hizkuntza Politika eta Plangintza

GUSTATU ZAIT Iñaki Martinez de Lunak Bat 104 aldizkarian argitaratu duen testua: Akademia eta Hizkuntza Politika.

Testu batzuk biribil-biribilak dira, eta gaia agortu egiten dute. Esan beharreko guztia esan esaten dute. Beste batzuek, aitzitik, tira egiteko moduko hari-mutur ugari uzten dituzte. Ateak ireki eta irakurtzen jarraitzeko irrika pizten dute. Iñakiren testua bigarren horietakoa da. Bejondeiola!

Hari-mutur horietako batzuk ekarri ditut hona:

(1) Zer da unibertsitatearen gizarte erantzukizuna euskararekiko? Unibertsitateak hizkuntza indarberritzeari ekarpena egin beharko lioke: ekarpen teorikoa eta ekarpen aplikatua. Horretarako bi bide ditu: irakaskuntza eta ikerkuntza. Mtz de Lunak esana du irakaskuntza unibertsitarioan hutsala dela soziolinguistikaren pisua. Ikerkuntzan egoera hobea da. Interesa antzematen da, baina gehiago da gizarte eragileen interesa, unibertsitatearen ekimena baino.

(2) Ez dago erabateko adostasunik Hizkuntza Politikaren eta Hizkuntza Plangintzaren arteko harremanez. Politikaren ondorioa da planifikazioa? Ala planifikazio baten baitan zehazten da hizkuntza politika? Diferentzia kontzeptualak daude, baina HPP (Hizkuntza Politika eta Plangintza) termino konposatua erabiltzea egokia da. Lagungarria da marko kontzeptual bateratu bat osatzeko.

(3) Hizkuntza planifikazioak lau arlo arketipiko azpimarratzen ditu: (a) statusaren plangintza, (b) corpusaren plangintza, (c) eskurapenaren plangintza, (d) prestigioaren plangintza.

(4) HPPari buruzko teoria baten beharra azpimarratu izan da. Baldauf irakasleak lau enfokeren arteko interakzioa proposatzen du: a) enfoke klasikoa, b) gestio linguistikoa, c) domeinua edo jardun-eremua, d) enfoke kritikoa. Enfoke klasikoak modelazioarekin du zerikusirik: egoeran eragiten duten faktoreak identifikatu eta horietan eragin. Gestio linguistikoak, ordea, arazoak identifikatzea eta konpontzea proposatzen du. Hirugarren enfokeak lanean, familian, kalean… jardungune bakoitzean hizkuntzak duen lekua aztertzea proposatzen du, neurri egokiak definitzeko. Enfoke kritikoak hegemonia eta botere-harremanak aztertzen ditu.

(5) Beste aditu batzuek uste dute zaila dela HPParen teoria osatu bat sortzea. Euren iritziz, aski da ikerketarako eremuak zein diren ondo definitzea. Alde horretatik, Tollefson-ek, esate baterako, 8 iker-lerro proposatzen ditu

  • HPParen baitako jardunbide egokiak eta huts egindako politikak eta planak.
  • Tokian tokiko marko legalaren garrantzia aztertzea.
  • Teoria politikoak eta politikaren prozesuek HPParekin duten lotura aztertzea.
  • Migrazioak, estatuen eraketa, gatazka politiko.
  • Lidergoen eta diskurtso politikoen papera HPP eratzeko.
  • Identitate sozialak eta botere harremanak.
  • Estatuak eta komunikazioaren etnografia.
  • Hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideak.

Mtz de Lunak arrazoi du. HPP bere bidea egiten ari da nazioartean, eta lan horiek guztiak ez dira guregana iristen ari. Unibertsitatearen hutsunea izan daiteke.

Opari txiki bat utzi dizuet, gai horietan gehiago sakontzeko:

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude