Soziolinguistika hiztegiaren arabera, hizkuntza-liberalismoa ukipeneko edo gatazkako egoeretan inolako esku-hartzerik ez egitea babesten duen hizkuntza-ideologia da.
Enciclopèdia Catalana-k 2001ean argitaratu zuen Diccionari de Sociolinguistica liburua askoz zurrunagoa eta esplizituagoa da:
Gatazka egoeran dauden hizkuntzen arteko desokera sozialean esku-hartzerik ez egitea aldarrikatzen duen hizkuntza-ideologia da liberalismo linguistikoa. Statu quo desigualitarioa eta asimilatzailea onartzea da. Estatu baten politika asimilatzailearen ondorioz menderatuak diren hizkuntzen etorkizuna ustezko bilakabide natural baten esku uztea aldarrikatzen du. Gatazka linguistikoaren aurrean ustezko neutralitatea defendatzen duen diskurtso soziolinguistiko bat da, alegia.
Duela egun gutxi, Legebiltzarrean egon da Hizkuntza Politikako sailburua, Jaurlaritzaren agenda estrategikoaren nondik norakoak azaltzeko. Laura Garridok Alderdi Popularraren ikuspuntua eta irizpideak azaldu zituen bertan. Honako hauek:
- Euskal gizartearen aniztasuna errespetatzea
- Hizkuntza hautatzeko askatasuna bermatzea
- Hizkuntza politikak erabakitzeko kontsentsua bilatzea
- Hizkuntzari buruzko inposizio-politikak arbuiatzea
- Autonomia Erkidegoko egoera soziolinguistiko anitzak aintzakotzat hartzea
- Hizkuntza politikan neurri koertzitiboak eta zigortzaileak batzertzea, batez ere enpresari eta komertzioari dagozkielarik
- Hezkuntza arloan askatasun linguistikoa bermatzea
- Hizkuntza eskakizunak esleitzeko araudia aldatzea
- Hautaketa prozesuetan hizkuntza baloratzeko irizpideak berrikustea, lekuan lekuko egoera soziolinguistikoari egokitzeko
Neoliberalismo linguistikoa zer den definitu beharko banu, nekez aurkituko nuke adibide hoberik.
Aurkezpena hemen duzue ikusgai: bit.ly/2GD9VX4