Lau apunte, diskurtsoei buruz

Topaldian egoterik izen ez genuenez, zain egon gara hango hitzaldien bideoak sarean ikusi arte. Diskurtsoen gaia  interesgarria iruditzen zait, hainbatek ematen dion zentralitatea ematen ez badiot ere.

Orotara, lau apunte osatu ditut: lehenengo biak Topalditik bertatik atereak, eta beste biak handik kanpo.

 

— 1 —

Belen Urangak 6 diskurtso definitu ditu bere hitzaldian, eta bakoitzaren erronkak azaldu ditu:

  • Hizkuntza eskubideen diskurtso. Bere ustez balio handia du, baina egokitu beharra dago, justiziaren diskurtsoa txertatzeari begira.
  • Balio pragmatikoaren diskurtso.
  • Identitatearen diskurtso. Ondo funtzionatzen du, bain arazo larria du: identitate hori partekatzen dituenak soilik interpelatzen ditu.
  • Balio demokratikoak, bizikidetza, errespetua.
  • Gutxiengoen diskurtsoa. Subordinazioa, hegemonia, ahalmentzea… feminismoak ekarpen ahaltsuak egin ditu.
  • Iraunkortasunaren eta ekolinguistikaren diskurtsoa.

Oso sintesi lan ona iruditu zait; oso argazki ona.

— 2 —

Eneko Gorrik bi egitasmo aurkeztu ditu, Lapurdiko kostaldean zertan ari diren erakusteko: Mintzalasai eta BAM dinamika. Batak inpaktazioa du helburu; besteak konpaktazioa. Sedukzioa bilatzen du lehena: irekia da, koloretsua, alaia… Erdaldunekiko mezua eraikitze aldera — Enekoren esanetan — hiru elementu erabili ohi dituzte:

  • Ekologia linguistikoaren printzipioak: “Euskara, munduko beste 6.500 hizkuntzak bezala…”
  • Dimentsio partekatua: “Euskarak batzen gaitu, euskara da partekatzen duguna…”
  • Arduraren ideia: “Hizkuntzaren inguruan egiten ditugun hautuek ondorioak dituzte”.  Alde horretatik, larritasun klimatikoaren ideatik tiraka, larritasun linguistikoaren ideia zabaltzen hasi dira: egoera larria da, egin ahal dugun oro urjentea da..

Hiru elementu horiek etengabe errepikatzea da trukua. Diotenez, komunikazioan hori da gakoa: errepikatu, errepikatu, errepikatu… Elementuei testuinguru ezberdinetan forma ezberdinak eman, baina intsistentea izan. Sarri ezer berri ez esatearen sentsazioa izango duzu. Berdin dio. Komunikazioa errekutsiboa da, beste ezeren gainetik.

— 3 —

EAEko Euskararen Aholku Batzordearen eskariz, lantalde bat aritu da euskararen gaineko oinarrizko diskurtsoak aztertzen, kontrastatzen, berritzen eta bateratze bidean jartzen. EGOD egitasmoa da: Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoaren lanketa. Horren baitan bost diskurtso identifikatu dituzte:

  • Errespetuaren diskurtsoa
  • Balio pragmatikoarena
  • Diskurtso sustatzailea
  • Diskurtso aldarrikatzailea
  • Diskurtso mesfidatia

Lanketa interesgarria egin dute, nahiz eta —aitortu beharra dut— barru-barruan desorosotasun puntu bat sortzen didan. Bost diskurtso horietatik onarpenik zabalena duten ideiak hautatu dituzte, eta horiekin diskurtso berri bat osatu nahi izan dute: euskararen gaineko diskurtso partekaturako zoru komuna deitu diote.

Esan bezala, 21 esaldi hautatu dituzte horretarako: 21 “meme” (kultura transmisioari buruzko teorietan, buru batetik bestera transmititu daitekeen informazio unitate minimoa da “meme”). Hemen jaso dituzte (pdf).

— 4 —

Behin Mikel Irizarri hala erantzun genion: “Diskurtsoak egokitu ez… diskurtsoak ugaritu egin behar dira. Diskurtso katalogo oso bat sortu beharra dago”. Nork berea aurkitzeko moduko katalogoa…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude