Behin eta berriro errepikatu ziguten eta kasik sinistera iritsi ginen: “Los ciudadanos son quienes tienen derechos lingüísticos y no los territorios ni mucho menos las lenguas”. Hizkuntzek ez dute eskubiderik, antza. Soilik herritarrek.
Martxoaren 15ean, Zeelanda Berriko parlamentuak, lege baten bidez, Whanganui ibaiari nortasun juridikoa eta eskubideak aitortzea erabaki zuen. Whanganui ibaia maori herriaren ibai sakratua da. Ibaiaren ongizatea haien ongizateari lotua dago.
Kosmobisio eurozentrista batetik, erabaki hori aberrazio juridiko bat da. Objektu material batek ezin du eskubide juridikoen subjektu izan. Kontserbadoreek termino horietan kritikatu zuten erabakia: “Ibaia ez da gizaki bat, ez du hankarik, ez gorputzik, ez bururik. Nola aitortu, bada, nortasun juridikoa eta eskubideak?”
Lehen ministroaren erantzuna antologikoa izan zen: “Eta enpresa bat? Enpresa batek hankarik, gorputzik eta bururik al du? Eta ez badu, zer dela-eta da horren erraza nortasun juridiko erabatekoa aitortzea?”
Istorioa Boaventura de Sousa Santosek kontatu du Público egunkarian. Hemen: Para una sociología de las emergencias