Hizkuntzak, emozioak, sentimenduak…

POMPEU FABRA KATEDRAREN HIRUGARREN JARDUNALDIAK “El sentiment de pertinença i la llengua” izan du hizpide: emozioak, sentimenduak eta hizkuntzak. Bideoak youtuben argitaratu dituzte eta han kuxkuxeatzeko aukera izan dut.

Carme Junyent irakasle mundiala da. Hitzaldian identitate anitzak defendatu ditu:

  • Bere ustez identitatea nagusiki hiru irizpidetan oinarritu izan da: arraza, erlijioa edo hizkuntza.
  • Arraza oso kontzeptu eztabaidagarria da. Eztabaida horretan sartu gabe ere, arrazan oinarritutako identitateek badute arazo bat, ezin baitira hautatu. Ezin dira eskuratu. Bazara edo ez zara.
  • Erlijioaren kasua ezberdina da. Erlijio berri bat adoptatu ahal duzu, eta horrekin identitate erlijioso berri bat hautatu. Baina identitate horiek ez dira metagarriak. Baztertzaileak dira. Pertsona bat nekez izango da multi-erlijiosoa. Horrelako gutxi dago munduan.
  • Hizkuntzan oinarritutako identitateak, ordea, hautagarriak eta metagarriak dira. Horra hor beren abantaila: erabat posiblea da bertoko identitatea adoptatzea, jatorrizko identitateari uko egin gabe.

Beste bi apunte interesgarri utzi ditu:

  • Bada ideologia linguistiko bat, hizkuntza komunikatzeko tresna soil bat dela defendatzen duena. Behin komunikatzea lortuta, alferrik gainontzeko guztia. Ideologia horrek badu indarrik, oraindik ere. Dena den, ez da kasualitatea ideologia erabat elebakarra izatea.
  • Errepublika katalanaren hizkuntza ofizialari buruz galdetu diote. Ofizialtasunaren inguruan, oro har, eszeptikoa da: “hizkuntza handiek ez dute ofizialtasunik behar, eta hizkuntza txikiei ofizialtasunak ezer gutxi aportatzen die praktikan”. Ez dut uste Nafarroa eta Iparraldeko euskaldunak iritzi berekoak direnik, baita tira… Bi gauza besterik ez du eskatzen berak: (a) katalana beharrezkoa izatea, eta (b) gaztelania derrigorrezkoa ez izatea. Horrekin konformatzen dela dio. Geuk ere sinatuko genuke, ezta?

Sarrera-hitzaldiaren ondoren hiru hiztun berri aritu dira: Gagandeep Singh [Un sikh a Catalunya], Najat El Hachmi [Arrelar llegint] eta Matthew Tree [El poder de les llengües, a Catalunya i més enllà].

Ideia batzuk:

  • Bizi-bizia da kanpokoak izan eta hizkuntza gutxitua bereganatu duten hiztunen esperientzia. Antzeko anekdotak kontatuko dizkizute behin eta berriz: botikan katalanez eskatu eta musu bi ematera hurbildu zaien amona, edota entzutearekin batera jarrera erabat aldatu duen dendaria… Oso-oso berezia da anekdota horiek nolako indarrarekin eta nolako ilusioarekin kontatzen dituzten entzutea. Emozioez eta sentimentuez hitz egiten dute bete-betean.
  • Matthew-ek kontatu duenaren arabera, Portugalen ere antzeko zerbait gertatzen da, portugesa hizkuntza gutxitua ez bada ere. Portugal modan dago eta ohituta daude turistekin; baina ez daude batere ohituta portugesez komunikatzen saiatzen diren turistekin… Aukera baduzue, egin proba.
  • Hizkuntza batek sortzen dituen emozioen tamainak ez du zerikusirik hizkuntzaren tamainarekin (edo bai, baina —izatekotan— alderantziz proportzionalak lirateke). Ingelesa nazioarteko hizkuntza izatera iritsi da. Ingelesa ikasten duen jendeak elkarrekin komunikatzen du. Baina ingelesak ez die balio bere emozioak, sentimenduak eta barneko bulkadak adierazteko. Erdi bidean gelditzen dira.
  • Memoria da historiaren intimitatea. Historia botere-harremanez zipristindua dago. Memoria librea da. Najat El Hachmik Montserrat Roig idazlearen eskutik ezagutu zuen Herrialde Katalanetako garai bateko memoria eta idatz-zaletu egin zen. Bere liburuetan harek ezagututako immigrazioaren memoria kontatu nahi izan du; memoria emozioa baita.

Hitzaldi hauek guztek Nelson Mandelaren esaldi ezagun hura gogorarazi didate: gizon edo emakume bati ulertzen duen hizkuntza batean hitz egiten badiozu, haren burura iritsiko zara; bere hizkuntza propioan hitz egiten badiozu, berriz, bihotzera iritsiko zara

Aukera baduzue, bideoak ikusi. Merezi du.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude