Pesimismoa

AZKEN HOGEI URTEAN euskara plana izan duen enpresa batean egon naiz. Euskara asko landu dute eta asko lortu dute.

Kafe bat hartzen ari ginela, bertako solaskideetako batek bere kezka azaldu du: “euskararen kontu hau ez dabil ondo, ezta? —dio berak— kalean gero eta erdara gehiago entzuten da; inpresioa dut ez garela aurrera egiten ari”.

Harritu egin nau ikuspegi pesimista horrek.

Botila erdi hutsa ala erdi betea? Kike Amonarrizi entzun diot perspektiba kontua dela: “zenbat eta inguru euskaldunagoa izan, orduan eta hutsago ikusiko dugu botila… zenbat eta militanteagoa izan, orduan eta hutsago… herri hartan zenbat eta euskaldunberri gehiago egon, orduan eta beteago…”.

Pesimistak ezagutzen ditut, lanean buru-belarri jarduten dutenak. Horiekin, Franz Hinkelammert askapenaren teologiaren pentsalaria etortzen zait burura. Koste eta irabazien eskematik edota helburuen eta bitartekoen eskematik harago jardun beharra aldarrikatzen du: ondo dagoena egin, irabazien edota ondorioen kalkulu zorrotz batean gehiegi tematu gabe. Itxaropenik gabeko itxaropena edo pesimismo itxaropentsua deitzen dio horri. Goiari eutsi, huts egin dezakegula jakinik ere. Desesperatzatik aldendu, horretarako, porrot txikien aurrean gure burua babestuko badugu ere. Joseba Sarrionandiak idatzi zuen poema horren moduko zerbait da, ezta? “Hobe da burrukatu eta galtzea, galera aurrez onartzea baino”.

Ajudeu-me, ‘lagunduidazue’

GOGOKO DITUT astintzen nauten istorioak. Kontakizunak. Narrazioak. Kronikak. Bizipenak. Emozioak. Azalpen luzerik ez eman… hobe kontatu egiten badidazu.

‘Ajudeu-me’ Mataró herrira gaztelania eta ingelesera ikastera etorri den brasildar gazte baten istorioa da. Han ohartu da marrubiak ez direla fresa, baizik eta maduixes, eta laranjak, taronges… eta hizkuntzarekin maitemindu da.

Katalana nola aurkitu zuen kontatzen du, nola erabaki zuen ikastea, lagundu zion jendea eta lagundu ez ziona, voluntariat per la llengua, Consorci-aren ikastaroak, bere kabuz ikasteko estrategiak… Murgiltze linguistikoa defendatzen du: katalanez egiteko aukerak bilatu eta eta katalanez egiteko aukerak baliatu. Eta kexu da, katalan hiztunek harekin hizkuntza aldatzen dutenean.

‘Ajudeu-me’ oihu bat da:

LAGUNDUIDAZUE! da Katalunian, Euskal Herrian, Japonen eta munduko edozein txokotan, bertako hizkuntza ikastea garrantzitsua dela sinisten duten pertsonen oihua. Hizkuntza ikasteko laguntza eske ari diren pertsonen oihua da. Baina, haratago, LAGUNDUIDAZUE! bizi nahi duen hizkuntza baten oihua da.

Diadaren ospakizunean Màrius Serra idazle eta kazetariak eman zuen hitzaldi antologiko baten zatia ekarri du liburura:

“Necessitem més immersió lingüística que mai per tenir un futur capicua. Amb el cap i el cor. Només si vehiculem del dret i del revés el nom de la nostra llengua en traurem l’entrellat: Català a l’atac. Visca la llengua viva i visca el submarinisme”. 

Merezi du euskaraz ere jartzea:

“Etorkizun kapikua lortzeko, inoiz baino beharrezkoago dugu murgiltze linguistikoa: katalanaren uretan murgiltzea. Burua eta bihotza jarri behar ditugu. Korapiloa askatuko badugu, gure hizkuntzaren izena eskuin ezker eta ezker eskuin idatzi behar dugu, bietara: Català a l’atac. Gora hizkuntza bizirik. Gora murgiltzea! Gora urpekaritza!”

Ez dakit zuek, baina nik neuk eskertzen ditut horrelako istorioak. Euskaraz ere nahi nituzke. Interesatu zaizkit hiztun berriez azken 2-3 urtean argitaratu diren ikerketak, baina bizitza-historia gehiago ere eskertuko nituzke. Bizipenak: bizitzaren zipristinak, poesia dosi txiki batekin hornituak.