Eta Kitto ELKARTEAK ANTOLATZEN DUEN Transmisioa Mintegiaren baitan, Jose Mari Agirretxe Porrotxek herrigintzaz eta irrigintzaz jardun zuen. Balioei buruz hitz egin zuen: elkartasunaz, eta eraldaketaz. Dagoeneko klasiko bihurtu den galdera da: euskaltzale izaterik al da… feminista, ekologista edota berdinzale izan gabe?
Honela zioen:
Oso inportantea da kultura. Eraldatzailea da. Euskal kultura, gehiago. Ze euskarak baloreak ditu. Euskara ez da bakarrik komunikatzeko tresna bat. Gu izokinak gara, korronteen kontra. Korronteen kontra egin behar dugulako, korronteen kontra ari direnekin enpatizatzen dugu: ekologia batekin, genero begirada batekin, parekidetasunarekin, ekonomia batekin, justizia batekin. Errazago enpatizatuko duzu, zu ere hor ari zarenean. Txikitasunetik. Orduan ez dut uste euskara soilik denik komunikatzeko tresna bat. Hori ere bai. Euskara da balioak transmititzen dituen bitarteko ederra.
Toni Lodeirok, bestalde, Options aldizkariaren artikulu batean bestelako bizimodu baten defentsa egin du: bizimodu bat non “astelehenak arinagoak diren, eta ez horren astelehen”. Gure balioekin bat etorriko den bizimoldea proposatzen du.
Honela dio:
Banka etikoa, seme-alaben zaintza eta galegoa edo katalana indartzea zertan dira berdinak? Bada…hirurek gauza bera uzten dutela agerian: hirurek agerian uzten dute gaur egun “gudu-zelaiak gure gorputzak direla”. Hirurek hegemonia neoliberalaren kontrako alternatiba aldarrikatzen dute eta hemen eta orain gure balioekin bat etorriko diren bizimoldeak proposatzen dituzte, bizitzea merezi duten bizimoldeak, alegia.
Testu osoa hemen irakurri ahal da: Gorputzak, Hizkuntzak, Kontsumoa. (twitterren jaso genuen horren pista, @Garaigoikoaren bidez).
Mikel Irizarrek ere txio eder bat sareratu zuen aurreko batean:
Diglosiak poeta egiten gaitu; subalternalitateak, berdinzale eta berdintzaile; hegemonia borrokatzeak, eraldatzaile…
Ziur aski horregatik gaude Herrialde Katalanei begira. Izan ere… zaila egiten zaigu garaiotan beste inora begiratzea. Eta bai… niri ere begiak umeldu zitzaizkidan “Euskal Herria amb Catalunya” bideoa ikusi nuenean.