DURANGOKO TOPALDIAN ZUBIGINTZAZ JARDUN DUGU, eta beste garai batzuk gogoratu ditut. 1989. urtean izan zen. Euskalgintzan —AEKren baitan— haustura mingarria izan zen. Beste hausturetan ez bezala, ordea, handik gutxira, hautsitakoa onbideratzeko eta zubiak eraikitzeko deiak entzun ziren han-hemenka.
Beranduegi, agian.
Urte berean Koldo Izagirrek bere bigarren liburua argitaratu zuen: Balizko Erroten Erresuma. Liburu ausarta zela aipatu zen… kasik arriskutsua. Niri terapeutikoa begitandu zitzaidan.
Oraindik ere poesia liburu kuttunetakoa daukat.
Honakoa bereziki deigarria egin zitzaidan.
Ugariak dira tunelak
Zubiak baino ugariagoak dira tunelak
Mendizko uhartedi batean bizi gara
Eguzki beltzean luma zuriak beltz
Haztamuka egin behar izaten dugu aurrera
Noraezeko talde erratu bat
Ez diogu elkarri aurpegira behatzen
Hemen urkoa ezagutzea arriskutsua da beti
Mozorrozturik maite behar izaten dugu
Eta isilean eragin errotarriari
Zigor zelda mugarik gabeko honetan
Ez dugu jakiten hurrengo pausoak
Oinarri hartuko duen
Erre egiten dute esku luzatu anonimoek
Lurpetik egin behar dira bideak
Tunel herria da hau urak egindako bide
Argia itzali behar izan zuen trena
Zaila dago hemen zubiak luzatzea
Zubiaren begia tunelaren ahoa da
Eta irentsi egiten gaitu
Eta ez dira denak bihotzerainoko zainak
Eta ez dute argi baten izpia denek hondoan
Eta tuneletik ezin da gailurrera heldu