AURREKO ASTEAN Carme Junyet irakaslearen hitzaldi bat entzuteko aukera izan dut. Hizkuntzen galerari buruz hitz egin du, baina baita askoz gauza gehiagori buruz ere. Mundiala da emakumea!
Apunte gutxi batzuk hartu, eta jaso bezala ekarri ditut, gehiegi landu gabe. Hona:
- Hizkuntza baten heriotzak hiru fase ditu: (a) komunitatea erabat elebiduntzea; (b) transmisioa etetea; (c) azken hiztunak (heriotza). Munduan 6000 hizkuntza dagoela kalkulatzen baldin bada, horietatik % 40 (a) fasean daude, % 40 (b) fasean eta % 10 (c) fasean. Kalkula ezazue, bada, zenbat hizkuntza dagoen arriskutik kanpo.
- Oro har prozesua luzea izan ohi da; hainbat mende iraun dezake. Adi egotea komeni da; teorian bederen, lau belaunaldi nahiko izan baitaitezke hizkuntza bat desagertzeko.
- Hizkuntzak ez dira hiltzen arrazoi linguistikoengatik. Arrazoiak beste inon bilatu behar dira. Orobat honako hauetako bat izango da (edo bat baino gehiago): (a) genozidioa; (b) transmisioaren eten behartua; (c) hizkuntzaren eta lurraldearen arteko harremana haustea; (d) hezkuntzan hizkuntza menderatzaileari nagusitasuna ematea; (e) hiztunen marginazioa…
- Hezkuntzari gagozkiola, bada hor paradoxa triste bat: izan ere, hezkuntza oso tresna eraginkorra izan da hizkuntzak ordezteko; baina hizkuntza gutxitua biziberritzeko ez du eraginkortasun bera erakutsi.
- Bartzelonatik gertu dagoen Masquefa herrian jaio da Carme. Bertan bizi den emakume baten kasua kontatu du: lehen hizkuntzak guarani eta portugesa ditu (Brasileko mugatik gertu dagoen herri batekoa delako); Kataluniara etorrita, gaztelania ikasi zuen, bertako guztiek horrela egiten ziotelako. Orain seme-alabekin katalanez jardutea erabaki du, katalanez eskolatu arren, eskolan gaztelania ikasi dutelako. Honela kontatu zuen twitter-en:
Una noia guaraní em diu que parla en català a les seves filles perquè vol que l’aprenguin. El castellà ja el parlen a l’escola. — M. Carme Junyent (@CarmeJunyent) 2016(e)ko abuztuak 13
- Feministatzat du bere burua, baina kritikoa da hizkuntza ez sexista osatzeko egiten ari diren proposamenekin. Hizkuntzalaria izanik, uste du gehiegizko interbentzionismoa dela hizkuntza horrela egokitu nahi izatea. Alde horretatik, kritika ugari jaso ditu.
Hitzaldia #HitzAdinaMintzo zikloaren baitan antolatu da. Iazko hitzaldi guztiak egitasmoaren blogean daude ikusgai: hitzadinamintzo.blogspot.com.es