SOZIOLINGUISTIKAZ jarduteko, osasun arloko irudiak egokitu izan zaizkigu behin baino gehiagotan. Gurean sarri erabili den metaforarik bada, hor nonbait aurkituko duzue erabiliena: gaixotasuna diaknostikatu, sendabidea bilatu… Usu ageri dira han hemenka.
Jon Sarasuak BAT aldizkarian argitaratutako bat dut buruan: “Mediku batek minbizi terminal bat dela esatea eta besteak gripe bat dela esatea ez da oso serioa. Uste dut aipatzen ari naizen bitasun konplexu horren kudeaketarako hizkuntza-ekologiaren edo soziolinguistikaren jakintza gehixeago behar dugula. Bitasun hori kudeatzea dagokigu. Alde batetik, arrangura, kezka errealista: esan dezakegu euskararen komunitatearen egoerak ematen digula kezkatzeko motiborik, ez gaudela ondo, diagnostiko medikuaren ikuspegitik osasunetik urrun gaudela. Bizi liteke pozik gaixorik egonda ere, hori aldarte kotua da, baina ez da ideia ona gaitzari bere izenez ez deitzea.” Egungo norabide batzuk eta hizkuntzen ikuspegi ekologikoa. BAT Soziolinguitika Aldizkaria 81, 2011
Soziolinguistika Klusterraren VIII. Euskal Soziolinguistika Jardunaldian halako irudi bat erabili zuen Lionel Joly-k: bere burua baikor ikusten duen gaixoa azkar sendatzen da; baina bere gaixotasuna ikusi nahi ez duena azkar hiltzen da. Borobila iruditu zitzaidan, bai horixe: ale berri bat neure aiputegi partikularrean gehitzeko.
Uda partean txiste moduko bat irakurri dut gaiarekin bat datorrena. Gaixo bat sendagilearenera doa, bizkarreko minez, diagnostiko bila. Medikuak erradiografia begiratu eta esan dio:—Arazo larria da baina konpon daiteke. Ebakuntza bat egin, ospitalean 2 hilabete, 6 hilabeteko atsedenaldia eta sendatuta! —Baina, hori dirutza da —erantzun zion pazienteak— ezin dut hori guztia ordaindu. —Beno, bada alternatibarik —esan zuen sendagileak— 30 euroren truke “ukitu” batzuk egin ahal dizkiogu erradiografiari.
Horra, bada, koxka! Gaixotasunari aurre egin ala erradiografiak “ukitu”?