Identitate inklusiboak

ELKARRIZKETA EGIN diote Carme Junyenti @Berria egunkarian. Gauza interesgarri asko aipatu ditu, baina elkarrizketaren amaieran kontatu duen istorioa gustatu zait bereziki:

Ikerlan batean zenbait haurrekin hitz egin genuen. Bat Katalunian jaioa zen, Gambiako bikote baten semea, 7 urtekoa. Katalana garrantzitsua iruditzen ote zitzaion galdetu genion. «Bai, noski!», erantzun zigun. «Katalanez hitz egiten badut, ez naiz horren beltza».

Sarri aipatu izan da hizkuntza txikiek ertainek identitate inklusiboa maite dutela. Gogora ekarri dizkit blog zaharrean jasotako bi istorio:

  • Lehena Herrialde Katalanetan gertatutakoa da. Vicenç Villatorok, Ramon Llull institutuko buruak, kontatu zuen gaur8 agerkarian:

390_1326708035guillem_defakGuillen d’Efak abeslaria Mallorcako Guardia Zibil baten eta printzesa ginear baten semea zen, eta, politikoki oso zuzena ez den era batean esanda, beltza zen. Eta 60ko hamarkadako Mallorcan pertsona beltz bat ikustea ez zen batere ohikoa. Jakin-mina sortzen zuen. Diotenez, egun batean d’Efak Palmako taberna batean sartu, barrara gerturatu eta katalanez eskatu zuen. Tabernariak, katalanez honek ere, zera erantzun zion: «Jauna, hizketan entzun zaitudan arte, beltza zinela uste izan dut». Hau da, mallorkeraz mintzatzen bazara mallorcarra zara, eta, garai hartako tabernari harentzat mallorcarra eta beltza izatea pentsaezina zenez, ez zela beltza izango ondorioztatu zuen.

  • Bigarrenak aspaldian AIZU aldizkariak argitaratu zuen biñeta batekin du zerikusirik:

Korrika garaia da. Goian hegazkin bat dago, kearekin mezu bat idazten du zeruan: “korrika, euskara ez da gelditzen”. Behean bi goardia zibil, hiztegiarekin, mezua erdaratu nahian: EUSKARA EZ DA GELDITZEN… EL EUSKARA NOs SEPARA…  

Eta hala da. Gure burua definitzeko kategorizazio-estrategiak erabiltzen ditugu; kategoriak eraikitzen ditugu (gizonak eta emakumeak; zuriak eta beltzak; erdaldunak eta euskaldunak) eta kategoria bakoitzarekiko balorazioak egiten ditugu, gure pertenentziak erabakitzeko. Gure identitate soziala horrela sortzen dugu.

Dakienak badaki prozesu identitarioak garrantzitsuak direla hizkuntzaren normalizazioan.

Hizkuntzak nola akabatzen diren. Carme Junyent-en hitzaldia

AURREKO ASTEAN Carme Junyet irakaslearen hitzaldi bat entzuteko aukera izan dut. Hizkuntzen galerari buruz hitz egin du, baina baita askoz gauza gehiagori buruz ere. Mundiala da emakumea!

Cs4SZYOWgAAE2U6Apunte gutxi batzuk hartu, eta jaso bezala ekarri ditut, gehiegi landu gabe. Hona:

  • Hizkuntza baten heriotzak hiru fase ditu: (a) komunitatea erabat elebiduntzea; (b) transmisioa etetea; (c) azken hiztunak (heriotza). Munduan 6000 hizkuntza dagoela kalkulatzen baldin bada, horietatik % 40 (a) fasean daude, % 40 (b) fasean eta % 10 (c) fasean. Kalkula ezazue, bada, zenbat hizkuntza dagoen arriskutik kanpo.
  • Oro har prozesua luzea izan ohi da; hainbat mende iraun dezake. Adi egotea komeni da; teorian bederen, lau belaunaldi nahiko izan baitaitezke hizkuntza bat desagertzeko.
  • Hizkuntzak ez dira hiltzen arrazoi linguistikoengatik. Arrazoiak beste inon bilatu behar dira. Orobat honako hauetako bat izango da (edo bat baino gehiago): (a) genozidioa; (b) transmisioaren eten behartua; (c) hizkuntzaren eta lurraldearen arteko harremana haustea; (d) hezkuntzan hizkuntza menderatzaileari nagusitasuna ematea; (e) hiztunen marginazioa…
  • Hezkuntzari gagozkiola, bada hor paradoxa triste bat: izan ere, hezkuntza oso tresna eraginkorra izan da hizkuntzak ordezteko; baina hizkuntza gutxitua biziberritzeko ez du eraginkortasun bera erakutsi.
  • Bartzelonatik gertu dagoen Masquefa herrian jaio da Carme. Bertan bizi den emakume baten kasua kontatu du: lehen hizkuntzak guarani eta portugesa ditu (Brasileko mugatik gertu dagoen herri batekoa delako); Kataluniara etorrita, gaztelania ikasi zuen, bertako guztiek horrela egiten ziotelako. Orain seme-alabekin katalanez jardutea erabaki du, katalanez eskolatu arren, eskolan gaztelania ikasi dutelako. Honela kontatu zuen twitter-en:
  • Feministatzat du bere burua, baina kritikoa da hizkuntza ez sexista osatzeko egiten ari diren proposamenekin. Hizkuntzalaria izanik, uste du gehiegizko interbentzionismoa dela hizkuntza horrela egokitu nahi izatea. Alde horretatik, kritika ugari jaso ditu.

Hitzaldia  zikloaren baitan antolatu da. Iazko hitzaldi guztiak egitasmoaren blogean daude ikusgai: hitzadinamintzo.blogspot.com.es

Hizkuntzaren osasuna

Manual Osakidetza 2SOZIOLINGUISTIKAZ jarduteko, osasun arloko irudiak egokitu izan zaizkigu behin baino gehiagotan. Gurean sarri erabili den metaforarik bada, hor nonbait aurkituko duzue erabiliena: gaixotasuna diaknostikatu, sendabidea bilatu… Usu ageri dira han hemenka.

Jon Sarasuak BAT aldizkarian argitaratutako bat dut buruan: “Mediku batek minbizi terminal bat dela esatea eta besteak gripe bat dela esatea ez da oso serioa. Uste dut aipatzen ari naizen bitasun konplexu horren kudeaketarako hizkuntza-ekologiaren edo soziolinguistikaren jakintza gehixeago behar dugula. Bitasun hori kudeatzea dagokigu. Alde batetik, arrangura, kezka errealista: esan dezakegu euskararen komunitatearen egoerak ematen digula kezkatzeko motiborik, ez gaudela ondo, diagnostiko medikuaren ikuspegitik osasunetik urrun gaudela. Bizi liteke pozik gaixorik egonda ere, hori aldarte kotua da, baina ez da ideia ona gaitzari bere izenez ez deitzea.” Egungo norabide batzuk eta hizkuntzen ikuspegi ekologikoa. BAT Soziolinguitika Aldizkaria 81, 2011

Soziolinguistika Klusterraren VIII. Euskal Soziolinguistika Jardunaldian halako irudi bat erabili zuen Lionel Joly-k: bere burua baikor ikusten duen gaixoa azkar sendatzen da; baina bere gaixotasuna ikusi nahi ez duena azkar hiltzen da. Borobila iruditu zitzaidan, bai horixe: ale berri bat neure aiputegi partikularrean gehitzeko.

Uda partean txiste moduko bat irakurri dut gaiarekin bat datorrena. Gaixo bat sendagilearenera doa, bizkarreko minez,  diagnostiko bila. Medikuak erradiografia begiratu eta esan dio:—Arazo larria da baina konpon daiteke. Ebakuntza bat egin, ospitalean 2 hilabete, 6 hilabeteko atsedenaldia eta sendatuta! —Baina, hori dirutza da —erantzun zion pazienteak— ezin dut hori guztia ordaindu. —Beno, bada alternatibarik —esan zuen sendagileak— 30 euroren truke “ukitu” batzuk egin ahal dizkiogu erradiografiari.

Horra, bada, koxka! Gaixotasunari aurre egin ala erradiografiak “ukitu”?