Woolard antropologoarengandik ikasi genuen hizkuntza ideologiak, ñabardurak ñabardura, bitara bil zitezkeela: egiazkotasuna eta anonimatoa. Lehenak oinarri identitarioa du, bigarrenak komunikatiboa. Apunteak hemen bildu nituen: http://allartean.blogspot.com.es/2008/08/ideologia-linguistikoei-buruz.html
Herrialde Katalanetan, bi ideia horien sintesi berri baten beharra aldarrikatu izan da katalanerako: “A ala B” paradigma gainditu eta “A eta B” aldarrikatu.
Ildo horretan, zer pentsatua eman didan ideia entzun dut hizkuntzari eta jendarteari buruzko IV. jardunaldian (IV Jornada sobre Llengua i Societat als Territoris de Parla Catalana). Francesc-Xavier Vila Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak hizkuntza komunitarioen eta hizkuntza sozietarioen arteko bereizketa egin zuen. Alde horretatik, aniztasunaren diskurtsoaren arriskuak agerian jarri nahi izan zituen. Bere ustez, adibidez, tamazight hizkuntza eta katalana ezin dira Katalunian berdinak izan. Ziur aski, biak dira “hizkuntza komunitarioak”, atzean hiztun komunitate bat dutelako; Katalanak, ordea, “hizkuntza sozietarioa” ere izan behar du… jendarte osoari dagokion hizkuntza delako.
Iruditu zait gurean ez dugula horretaz gehiegi pentsatu. Ziur aski, beste fase batean gaude, oraindik ere.
- Jardunaldien bideoak hemen daude: http://llengua.gencat.cat/ca/serveis/informacio_i_difusio/dades_i_estudis/IV-Jornada-Llengua-i-Societat/
- Kronika labur bat hemen: http://lliureimillor.cat/2016/07/29/iv-jornada-sobre-llengua-i-societat-als-territoris-de-parla-catalana-un-balanc-anton-ferret-joan-sole-i-anna-torrijos/