Antza denez, garrantzitsua da ekintza, jarduera edota egitasmo bakoitzak helburu bat izatea. Ez dut kontrakorik esango. Helburu argia eta eraginkorra izatea komeni da, gainera. SMART akronimoa erabili izan da helburu eraginkorraren ezaugarriak definitzeko: Specific (zehatza), Measurable (neurgarria), Achievable (lorgarria), Relevant (garrantzitsua), Time-bound (denboran mugatuak).
Kontua da ekintza edo jarduera guztiak ez zaizkiola logika horri ongi egokitzen. Jarduera guztiak ez daude helburu batera bideraturik, guztiak ez dira finalistak… Jarduera batzuek ez dute ezer lortu nahi: ongi pasatu eta bizitza ospatu besterik ez.
Auzoan, behin, hazi-bonbak egiteko ikastaro bat antolatu zuten. Barruan haziak dituztela, lur eta buztinezko bolak egiten dira, han- hemenka zabaltzeko. Gero, denborari denbora eman behar zaio. Hazi horietako batzuk alferrik galduko dira, baina beste batzuk —lur emankorra topatu dutenak— loratu egingo dira, beren denbora heltzen denean.
Nago proiektu batzuk horrelakoxeak direla: inprebisibleak, kaotikoak, alaiak, kasik subertsiboak… Ez dute helburu zehatzik, ez neurgarririk, ezta denboran ongi mugaturik ere. Orube batera botatzen den hazi bonba horietako baten modukoak dira: zaila da hazi horietatik zer aterako den aurreikustea…
Euskararen mundutxo honetan, badira horrelako batzuk, ezta?
Bi bideoren estekak uzten dizkizuet:
- Azalpen bat, hazi-bonbak nola egiten diren
- La guerra esperada, Gustavo Duch-en istorio bat.
Izan ongi!