Hizkuntza komunitarioa / Hizkuntza sozietarioa

IV_jornada_LiS.jpg_1568319604Woolard antropologoarengandik ikasi genuen hizkuntza ideologiak, ñabardurak ñabardura, bitara bil zitezkeela: egiazkotasuna eta anonimatoa. Lehenak oinarri identitarioa du, bigarrenak komunikatiboa. Apunteak hemen bildu nituen: http://allartean.blogspot.com.es/2008/08/ideologia-linguistikoei-buruz.html

Herrialde Katalanetan, bi ideia horien sintesi berri baten beharra aldarrikatu izan da katalanerako: “A ala B” paradigma gainditu eta “A eta B” aldarrikatu.

Ildo horretan, zer pentsatua eman didan ideia entzun dut hizkuntzari eta jendarteari buruzko IV. jardunaldian (IV Jornada sobre Llengua i Societat als Territoris de Parla Catalana). Francesc-Xavier Vila Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak hizkuntza komunitarioen eta hizkuntza sozietarioen arteko bereizketa egin zuen. Alde horretatik, aniztasunaren diskurtsoaren arriskuak agerian jarri nahi izan zituen. Bere ustez, adibidez, tamazight hizkuntza eta katalana  ezin dira Katalunian berdinak izan. Ziur aski, biak dira “hizkuntza komunitarioak”, atzean hiztun komunitate bat dutelako; Katalanak, ordea, “hizkuntza sozietarioa” ere izan behar du… jendarte osoari dagokion hizkuntza delako.

Iruditu zait gurean ez dugula horretaz gehiegi pentsatu. Ziur aski, beste fase batean gaude, oraindik ere.

Iradier, Elvis eta Jean Mixel

uid_4254fc249adf50e3ac00832d672a131d1304504771336_width_700_play_0_pos_3_gs_0Arazo txiki bat dut KULTURA hitzarekin. Uste dut ideiak garbi samar ditudala, baina —antropologiaren ikuspegi zabaltxoagoa alde batera utzita ere— zailtasunak ditut ideiak hitzetan adierazteko;  are gehiago izenlagunak jartzen hasten garenean. Hor, hitzak eta defnizioak katramilatu egiten zaizkit:

  • Euskal kultura zer den definitu nahian, hamarnaka saio entzun eta hogeitaka eztabaida izan ditugu: Euskaraz egiten dena, soilik? Ez-berbazkoa ere bai? Askatu ezin den korapiloa dela onartu behar dugu?
  • Herri kultura eta kultura popularra gauza bera al dira? [Josu Amezagaren tesiak horretaz dihardu: Herri Kultura. Euskal kultura eta kultura popularrak.]
  • Herri kulturak herrigintzari erreferentzia egin behar dio?
  • Herri kultura eta goi mailako kultura kontraposizioan definitu behar dira?
  • Masa kultura, prozedura eta teknika industrialekin du zerikusirik… Sorkuntzaren eta estandarizazioaren arteko tentsioaren ondorioa da, ezta? Hori besterik ez?
  • Kontrakultura sistema hegemonikoaren aurkako erantzuna dela esan ohi da. Zein lotura du horrek kultura popularrarekin? [Jon Kortazar irakasleak artikulu izugarri polita du, “Ez Dok Hamairu”-ren garaiko Artzeren poesiagintzaz eta kontrakulturaz: Artzeren poesiaren prentsakizunaz. Kontrakulturaren bidetik, bide berriak bilatzen]

Honekin guztiarekin ariketa bat proposatu nahi dizuet:

  • Sebastian Iradier Arabako musikagile bat da: Lantziegon jaio zen XIX. mendearen hasieran. Ez zen euskalduna, nik dakidala. Musika ikasketak egin zituen, eta Madrilen zein Parisen bizi izan zen, goi mailako musikari gisa lanean. Rossini, Merimée eta beste zenbait artista famaturen adiskide izan zen. Kuban barrena zebilelarik, hango musika ikasi eta birrinterpretatu egin zuen: habanerak sortu eta ezagutarazi zituen mundu osoan. La Paloma da bere obrarik ezagunena [entzun hemen]. Goi mailako kultura? Elitista?
  • La Paloma obraren hainbat bertsio egin izan da, eta horietako batzuetan letra ere aldatu izan zaio. Elvis Presley-k berak No More abestu zuen “Blue Hawaii” filmean [ikus-entzun hemen]. Masa kultura?
  • Jean Mixel Bedaxagar Urdiñarbeko euskal kantaria da, hiru zuloko txirularekin eta ttun-ttunarekin Zuberoko doinuak ederki zabaldu izan dituena. Belatxa albumean abesti bat grabatu zuen Nestor Basterretxearen omenez. Izenburua horixe zuen, hain zuzen: Ürzoa, Nestor Basterretxea gogoan [entzun hemen]. Herri kultura?

Hazi-bonbak

00142_1

Antza denez, garrantzitsua da ekintza, jarduera edota egitasmo bakoitzak helburu bat izatea. Ez dut kontrakorik esango. Helburu argia eta eraginkorra izatea komeni da, gainera. SMART akronimoa erabili izan da helburu eraginkorraren ezaugarriak definitzeko: Specific (zehatza), Measurable (neurgarria), Achievable (lorgarria), Relevant (garrantzitsua), Time-bound (denboran mugatuak).

Kontua da ekintza edo jarduera guztiak ez zaizkiola logika horri ongi egokitzen. Jarduera guztiak ez daude helburu batera bideraturik, guztiak ez dira finalistak… Jarduera batzuek ez dute ezer lortu nahi: ongi pasatu eta bizitza ospatu besterik ez.

Auzoan, behin, hazi-bonbak egiteko ikastaro bat antolatu zuten. Barruan haziak dituztela, lur eta buztinezko bolak egiten dira, han- hemenka zabaltzeko. Gero, denborari denbora eman behar zaio. Hazi horietako batzuk alferrik galduko dira, baina beste batzuk —lur emankorra topatu dutenak— loratu egingo dira, beren denbora heltzen denean.

Nago proiektu batzuk horrelakoxeak direla: inprebisibleak, kaotikoak, alaiak, kasik subertsiboak… Ez dute helburu zehatzik, ez neurgarririk, ezta denboran ongi mugaturik ere. Orube batera botatzen den hazi bonba horietako baten modukoak dira: zaila da hazi horietatik zer aterako den aurreikustea…

Euskararen mundutxo honetan, badira horrelako batzuk, ezta?


Bi bideoren estekak uzten dizkizuet:

Izan ongi!