Sare izan
1996ko uztailean Lehen Topaketa Intergalaktikoa izan zen Chiapasen, EZLNk deituta. Amaieran Errealitatearen Bigarren Adierazpena irakurri zen, kontinenteetako mugen gainetik, neoliberalismoaren aurkako eta gizateriaren aldeko erresistentzia-sareak sortzera dei eginez: “…diferentziak onartuz eta antzekotasunak ezagutuz, hango eta hemengo erresistentziek mundu osoko erresistentziekin bat egin behar dute. Sarea hori da. Elkarri sostengua emateko bidea da. Ez da antolakunde bat. Ez du erdigunerik, ez erabakigunerik. Ez du aginte zentralik, ez hierarkiarik. Erresistitzen dugunok gara sarea”
Ongi etorri Blockadiara
Naomi Klein idazle kanadarrak This changes everything liburuan (Honek dena aldatzen du) Blockadia aldarrikatu du. Blockadia lurralde trasnazional eta ibiltari bat da, proiektu estraktiborik eta antiekologikorik sortzen den orotan azaleratzen dena. Tokian tokiko erresistentzia da, lurraren defentsan, lurraldetasunari lotua, baina begirada globalez ondo hornitua. Blockadia Amazonia da, edo Gasland… edo Garoña, edo Itoiz, edo Zubieta…
Elkarri argia eman diezaiogun
Hitzargiak egitasmoa, distantziak distantzia, badu zerbait Blockadiatik. Hitzargiak – Elkar argitzen duten hizkuntzak egitasmoa hizkuntza-aniztasunaren aldeko aldarria da: “biziberritze-prozesuan murgilduta dauden hizkuntza- eta hiztun-komunitateen arteko harreman berriak sortzea eta jadanik existitzen direnak indartzea du xede. Zenbat eta hizkuntza-komunitate gehiago aktibatu eginkizun honetan, orduan eta aukera gehiago izango baita emaitza arrakastatsua izateko.”
Hala bitez!