Ezagutu eta eraldatu

estadísticas-1560x690_c

Albert Bastardas Boada irakasleak L’anàlisi de la situació sociolingüística: conèixer per transformar  artikulua argitaratu zuen 1991. urtean. Horra koxka: zertarako nahi dugu errealitatea ezagutu, errealitatea eraldatzeko ez bada? Bastardas irakasleak jokabide linguistikoen teoria ekologikoa aipatzen du: jokabideak aldatzeko ikutu ahal ditugun teklak zein diren jakitea, alegia. Burutik kendu ezin dugun indar-ideia da: errealitatea ezagutu, errealitatea eraldatzeko.

Zenbakiek, dena den, badute zerbait magikoa. Objekiboak dira. Erakargarriak. Ez dute gezurrik esaten. Txosten eta analisiak sendoak dira zenbakiz ondo horniturik baldin badaude. Horien aurrean ez dago ezer esateko. Zenbakiek errealitatea erabat atzeman ahal dute, eta taula baten barruan gorde.

Ikerketa kuantitatibo trinko horietako baten aurkezpenean egon al zarete inoiz?

Hasieran adi egoten zara; zer entzungo zain. Boligrafoa eta koadernoa prest dituzu. Lehen datuak entzun, eta txintxo-txintxo koadernoan apuntatu dituzu, harik eta hizlariak ez apuntatzeko esan dizuen arte. Ez omen da beharrezkoa, amaitutakoan powerpointa postaz bidaliko baitu. Ados. Arreta pantailara eramaten duzu berriro ere. Interesgarria da entzuten ari zarena: zenbat euskaldun garen, nolakoak; non, noiz, nola, norekin egiten dugun euskaraz; euskarari buruz ditugun iritziak eta jarrerak…

Hizlaria trebea da. Eskerrak. Badaki arreta pizten: iruzkin bat hemen, adibide bat han… Arreta egin dizun zerbait esan du.—Kontxo. Hala al da? Ez nuen uste— Hurrengo taulak ez… Hurrengo taulan ez duzu datu interesgarririk aurkitu; gauza jakinak dira, ebidenteegiak… Zenbaki gehiegi, dena-den. Tarteka kosta egiten da arretari eustea: begirada lausotu egiten da, entzumena galdu, begiak itxi, burua galdu… Norbaitek “zenbakien mozkorraldia” deitu izan dio horri.

Errealitatea eraldatzeko teklak hor al daude? Ez dakit, bada. Joseba Azkarraga Etxegibel soziologoak epizentroaren eta hipozentroaren adibideak erabili izan ditu. azaleko eta sakoneko sintomak zein diren bereizteko. Lurrikara gertatzen denean, geologoek bi puntu horiek bereizten dituzte: (a) hausturaren energia azaleratzen den lurrazaleko puntua da epizentroa; (b) lurrikararen benetako jatorria, ordea, lur azpian da, haustura gertatzen den puntuan, hipozentroan.

Ikerketa kuantitatibo horiek guztiek epizentroa erakusten digute: lurrazala. Hipozentroa —barruan gertatzen dena— beste inon bilatu behar dugulakoan nago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude