Programak ezagutzen ditut 10 urte iraun dutenak, funtsezko aldaketarik gabe. Eta oraindik ere badute bere arrakastatxoa: hala edo nola funtzionatzen dute.
Seme-alaben ikastolako irakasle batek halaxe aipatzen du sarri: “funtzionatzen badu, zertarako aldatu?” Inoiz ez dut erantzuteko betarik hartu, baina egunen batean animatuko naiz.
Ez da ona etengabe berritasunen atzetik ibiltzea. Hori ere egia da. Nobedadea moda bihurtzen denean, kontsumoaren legeen atzaparretan erortzen gara: moda-modako tendentziak gurera ekarri, eta programa berria “diseinatu”. Berrikuntza, halakoetan, alferrikakoa bihurtzen da: dena berritu, dena berdin jarraitzeko.
Enpresaren munduan, hala ere, badakite negozioak etengabe mugimenduan egon behar direla. Etengabeko hobekuntzaren kontzeptua asmatu dute, dena kontrolatzeko obsesio dosi handi batekin bada ere: “Neurtu behar da. Neurtzen ez dena ezin da hobetu. Eta hobetzen ez bada, lehenago ala beranduago txarrera egingo du”.
Programak ezagutzen ditut 15 urte iraun dutenak; baina, noiz edo noiz, ukituren bat edo beste behar izan dute. Tarteka orden apur bat jarri behar izan da: berrantolatu, bizirik jarraitzeko.
Naturan eta unibertsoan dagoen kaos eta desorden mailari entropia deritzo. Entropia etengabe handitzen da. Termodinamikaren bigarren printzipioa da: desordena da unibertsoaren legea, sistema guztiak desordenerako joera dute. Kaosa da berezko tendentzia. Gure proiektuekin ere gauza bera gertatu ohi da: dena txukun-txukun antolatu, baina desordena nagusitzen da etengabe. Gelditu, aztertu eta berriztatu beharra dago aldioro.
Programak ezagutzen ditut 20 urte iraun dutenak; baina, uneren batean, goitik behera berrikusi eta berritu behar izan dira.
Proiektuak izaki bizidunen modukoak dira: jaio, elikatu, hazi, ugaldu… eta —tarte horretan inork berritzen ez baditu— hil egiten dira.
A priori ez dugu uste gure proiektuek iraungitze-datarik dutenik. Ez dugu programen obsoleszentzia programatuan sinisten. Baina argi dugu ezinbestekoa dela berrikuntzaren klabeak gurera ekartzea.