Eugenio Molini goi mailako enpresa aholkularia da; oso ezaguna enpresen eta erakundeen munduan, aldaketa prozesuak errazten eta dinamizatzen egiten duen lanagatik. Duela urte batzuk Participación Genuina liburua idatzi zuen. (Hemen eskuratu daiteke hainbat formatutan).
Youtube-n hitzaldi bat ikusteko aukera izan dut (hemen). Bere ibilbide profesionala azaltzen du, eta eskuartean dituen proiektuak . Interesgarria iruditu zait (nahiz eta Coaching-aren munduko forma eta molde horiek batzuetan “kargante” egiten zaizkidan).
Eraldaketaren agenteak formatu eta saretu nahi ditu, GAIT proiektuaren bidez (Glocal Agents of Intentional Transformation). Bere esanetan, zaila da definitzea eraldaketaren agenteak zer diren, baina erraz antzematen zaie. «Beren ibilkeretatik antzemango diezue» –dio.
Agente horiek, sarri, troianoen modukoak dira.
Troianoak, informatikan, malware gisa sailkatu ohi dira: bestelako aplikazio baten baitan kamuflatzen den softwarea da, izkutuko helburu edo funtzioa duena. Eraldaketa bilatzen duten agente horiek, beren erakundeen agenda ofizialaz gain, bigarren agenda bat duten pertsonak dira: agenda propioa, bokazionala, beren balioekin eta eraldaketa sozialarekin zerikusirik duena. Eraldaketaren aktibistak dira, erakundeetan barrutik eragiten duten troianoak.