Euskal Hiria: soziolinguistika hirian -3-

foronda1

Bernardo Atxagak Euskal Hiria kontzeptu gisa asmatu eta defendatu zuenean, hiria hiru gauza direla esan zuen: gune fisiko bat (Urbs), jendarte edo bizilagunen multzo bat (Civitas) eta antolamendu politiko bat (Polis). Probintzialismoaren aurkako alegatoa egin nahi omen zuen, eta, berak aitortu bezala, kontzeptu polemiko samar atera zitzaion. Nonbait irakurri dut Jaurlaritzak kontzeptua bahitu egin zuela, eta Abiadura Handiko Trenaren apologia egiteko erabili nahi izan zuela.

Igor Calzadak kontzeptuaren aitatasuna aitortu ondoren, kontzeptua “adoptatu” egin zuen, Sutsu defendatu zuen Euskal Hiriaren gaurkotasuna eta oinarri gisa erabili zuen bere tesia atontzeko: ¿Hacia una Ciudad Vasca? Atxagaren ideia garatu zuen eta lau azpisistema duen sistema gisa irudikatzea proposatu zuen: sistema urbanoa, sistema erlazionala, sistema sozio-kultura eta sistema sozio-politikoa. Azpisistema bakoitzari gizarte berrikuntzaren ardatz estrategiko bat esleitu zion, eta atributo edo adjektibo bana proposatu:

  • Sistema urbanoa = URBS > Jasangarria
  • Sistema erlazionala = CYVER > Konektatua
  • Sistema sozio-kulturala = CIVITAS > Sortzailea 
  • Sistema sozio-politikoa = POLIS > Parte-hartzailea

Ideia da sistema horietako bakoitzaren baitan praktika eredugarriak han eta hemen bilatu ahal direla, eta gurera ekarri.

Bai… badakit gehiegi sinplifikatu dudala, eta ziur aski ez naizela batere zorrotza izan. Dena den, esan behar dut hasiera-hasieratik oso eskema iradokitzailea iruditu zitzaidala.

Den-dena euskalgintzaren betaurrekoekin begiratzeko dudan ditxosozko mania honekin, behin baino gehiagotan pentsatu dut abiapuntu interesgarria izan zitekeela euskararen sistema urbanoak ere pentsatzeko, eta azpisistema bakoitzak euskarari zenolako ekarpena egin ahal dion aztertzeko. Imaginatzen al duzue? Honelako zerbait izan liteke:

  • Euskararen lekua, eta euskararen lekuak hirian: espazio normalizatuak (eta espazio normalizatzaileak), arnasgune fisikoak eta arnasgune funtzionalak…
  • Euskarazko harreman-sareak eta euskararen harreman sareak: euskararen kapital soziala, euskalgintza…
  • Euskarazko jarduerak eta sormena: aisialdi euskalduna eta parte-hartzailea, hiri hezitzailea, euskarazko kulturgintzaren egitura…
  • Parte-hartzea eta euskararen gobernantza.

Interesgarria litzateke, ezta? Lau ardatz horiek hirigune ezberdinetan aztertu litezke eta praktika onak identifkatzen saiatu (mendebaldeko hiru hirigune nagusietan, esate baterako: Bilbon, Gasteizen eta Getxon, alegia).

Baten bat animatzen da? Hala bada, niri esan.

Erantzun bat “Euskal Hiria: soziolinguistika hirian -3-” bidalketan

  1. Pingback: Euskal Hiria: soziolinguistika hirian – eta 3- (Garabide.eus) | Karrikiri

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude