Larramendiren apologia

23020901Manuel Larramendi hil zela 250 urte bete dira iragan astean. Ez naiz filologoa, ez naiz literaturaren historian aditua (ezta bereziki zaletua ere). Dena den, aitortu behar dut erakargarria egiten zaidala Larramendiren figura.

Kike Amonarrizen hitzaldi batean ikasi nuen Larramendi zein zen. Hari entzun nion behin, Larramendi izan zela euskal umoristarik lehena… eta adibide batzuk eman zituen, bere hiztegiaren hitzaurretik aterata:

  • Hazaña, Larramendiren esanetan, (h)ats (= arnasa) + zaña (kirioa) lexemen konposaketa litzateke.
  • Estandarte, estanda + (egin) arte. Estanda-arte (hasta reventar), soldadua gudan halaxe erortzen baita, indarrik gabe.
  • Alabanza, alaba + an(t)za litzateke. Alabaren antza duena erabat laudagarria baita.

Zirikatzailea, ezta?

Gerora, Marc Legasseren “Gastibeltzaren karabinak” liburuan aurkitu nuen Larramendi, eta harritu egin ninduen berriro ere:

Nor haiz hi? Zer egiten duk hor armarioan gordeta? Nire zelatan ari hintzen, eh? (MUTUA keinu bidez esplikatzen da). A, ezin duala hitzegin? Nor zegok hirekin? Bakarrik hago. Zer daramak gordeta? Utzidak ikusten! (Gramatika erakusten dio) (Irakurtzen du) «El Imposible vencido, arte de la lengua vascongada, por el padre Manuel Larramendi. Salamanca, año 1729» Hara! Mutu filologoa haiz eta!

Monagilo mutu bat, “El imposible vencido” liburua munduko gauzarik maiteena duena! Metafora interesgarria, ezta?

Joan den astean bertan, mito eta imajinario propio eta berrituen beharra aldarrikatu du @garaigokoak bere blogean. Ados nago harekin. Zer deritzozue? Imajinaro horretan lekutxo bat egingo al diogu Larramendiri?

Hau irakurtzea merezi du: Euskararen apologista sutsua @berria 2016-01-29 / Ane Urrutikoetxea

Sei apunte, aktibazioaz

fotonoticia_20151221111824_800Gustura jarraitu ditut Topaguneak egin berri duen topaldiaren hitzaldiak. Apunte hauek hitzaldiak entzun ondoren idatzitakoak dira.

APUNTEAK

Bat.- Nonbait irakurri dut aktibazioa propietate bat dela motibazioari energia ematen diona: egin nahi izatetik egin egitera daraman energia, alegia. Ez da azalpen txarra!

Bi. – 2013ko Udaltop jardunaldietan ere aktibazioa aipatu zen sarri. Handik Eduardo Apodakaren hitzaldia dut gogoan. Oker interpretatu ez banuen, gakoa zentzugintza dela defendatzen zuen: alegia, gauzak zergatik eta zertarako egiten ditugun (egiten ditugun gauzak zein egiten ez ditugunak). “Praktika esanguratsuak” zentzuz ondo horniturik egiten ditugunak dira. Horri buruz hemen irakurri ahal duzue.

Hiru. – Aktibaziotik aktibismora jauzi semantiko txikia dago. Pragmatikaren ikuspegitik begiratuta, ez nago ziur jauzia horren txikia ote den.

Lau. – Ohartu zarete? Aktibismoa eta enprendizajea hitz berberarekin izendatu ohi ditugu: ekintzailetasuna. Jon Sarasuak, duela gutxi, elkarrizketa batean aditzera eman duenaren arabera, agian ez daude horren urrun: ekintzailetasun enpresariala eta ekintzailetasun soziala aipatzen ditu berak. Elkarrizketa hemen: Jon Sarasua, ekintzailearen atzean

Bost. – Elkarrizketa horretan ekintzailetasuna sorkuntzarekin lotzen du Sarasuak. Biak oso gertu daudela dio, existitzen ez den zerbait sortzea delako: «existitzen ez diren posibilitate batzuk pentsatzea, eta posibilitate horiek materializatzea». Stephen Hessel-en liburu txiki eta ospetsuaren hitzak ekarri dizkit gogora: «Sortzea erresistitzea da, eta erresistitzea sortzea da».

Sei.- Portzierto, ez dakit aktibismotik militantziara jauzirik ote dagoen… baina gustukoa dut Joxemi Zumalabe fundazioko kideek militantziaren zentzuaz egin duten lana. Bejondeila! joxemizumalabe.eus

Aktibista troianoak

software-557603_960_720Eugenio Molini goi mailako enpresa aholkularia da; oso ezaguna enpresen eta erakundeen munduan, aldaketa prozesuak errazten eta dinamizatzen egiten duen lanagatik. Duela urte batzuk Participación Genuina liburua idatzi zuen. (Hemen eskuratu daiteke hainbat formatutan).

Youtube-n hitzaldi bat ikusteko aukera izan dut (hemen). Bere ibilbide profesionala azaltzen du, eta eskuartean dituen proiektuak . Interesgarria iruditu zait (nahiz eta Coaching-aren munduko forma eta molde horiek batzuetan “kargante” egiten zaizkidan).

Eraldaketaren agenteak formatu eta saretu nahi ditu, GAIT proiektuaren bidez (Glocal Agents of Intentional Transformation). Bere esanetan, zaila da definitzea eraldaketaren agenteak zer diren, baina erraz antzematen zaie. «Beren ibilkeretatik antzemango diezue» –dio.

Agente horiek, sarri, troianoen modukoak dira.

Troianoak, informatikan, malware gisa sailkatu ohi dira: bestelako aplikazio baten baitan kamuflatzen den softwarea da, izkutuko helburu edo funtzioa duena. Eraldaketa bilatzen duten agente horiek, beren erakundeen agenda ofizialaz gain, bigarren agenda bat duten pertsonak dira: agenda propioa, bokazionala, beren balioekin eta eraldaketa sozialarekin zerikusirik duena. Eraldaketaren aktibistak dira, erakundeetan barrutik eragiten duten troianoak.

Euskal Hiria: soziolinguistika hirian -3-

foronda1

Bernardo Atxagak Euskal Hiria kontzeptu gisa asmatu eta defendatu zuenean, hiria hiru gauza direla esan zuen: gune fisiko bat (Urbs), jendarte edo bizilagunen multzo bat (Civitas) eta antolamendu politiko bat (Polis). Probintzialismoaren aurkako alegatoa egin nahi omen zuen, eta, berak aitortu bezala, kontzeptu polemiko samar atera zitzaion. Nonbait irakurri dut Jaurlaritzak kontzeptua bahitu egin zuela, eta Abiadura Handiko Trenaren apologia egiteko erabili nahi izan zuela.

Igor Calzadak kontzeptuaren aitatasuna aitortu ondoren, kontzeptua “adoptatu” egin zuen, Sutsu defendatu zuen Euskal Hiriaren gaurkotasuna eta oinarri gisa erabili zuen bere tesia atontzeko: ¿Hacia una Ciudad Vasca? Atxagaren ideia garatu zuen eta lau azpisistema duen sistema gisa irudikatzea proposatu zuen: sistema urbanoa, sistema erlazionala, sistema sozio-kultura eta sistema sozio-politikoa. Azpisistema bakoitzari gizarte berrikuntzaren ardatz estrategiko bat esleitu zion, eta atributo edo adjektibo bana proposatu:

  • Sistema urbanoa = URBS > Jasangarria
  • Sistema erlazionala = CYVER > Konektatua
  • Sistema sozio-kulturala = CIVITAS > Sortzailea 
  • Sistema sozio-politikoa = POLIS > Parte-hartzailea

Ideia da sistema horietako bakoitzaren baitan praktika eredugarriak han eta hemen bilatu ahal direla, eta gurera ekarri.

Bai… badakit gehiegi sinplifikatu dudala, eta ziur aski ez naizela batere zorrotza izan. Dena den, esan behar dut hasiera-hasieratik oso eskema iradokitzailea iruditu zitzaidala.

Den-dena euskalgintzaren betaurrekoekin begiratzeko dudan ditxosozko mania honekin, behin baino gehiagotan pentsatu dut abiapuntu interesgarria izan zitekeela euskararen sistema urbanoak ere pentsatzeko, eta azpisistema bakoitzak euskarari zenolako ekarpena egin ahal dion aztertzeko. Imaginatzen al duzue? Honelako zerbait izan liteke:

  • Euskararen lekua, eta euskararen lekuak hirian: espazio normalizatuak (eta espazio normalizatzaileak), arnasgune fisikoak eta arnasgune funtzionalak…
  • Euskarazko harreman-sareak eta euskararen harreman sareak: euskararen kapital soziala, euskalgintza…
  • Euskarazko jarduerak eta sormena: aisialdi euskalduna eta parte-hartzailea, hiri hezitzailea, euskarazko kulturgintzaren egitura…
  • Parte-hartzea eta euskararen gobernantza.

Interesgarria litzateke, ezta? Lau ardatz horiek hirigune ezberdinetan aztertu litezke eta praktika onak identifkatzen saiatu (mendebaldeko hiru hirigune nagusietan, esate baterako: Bilbon, Gasteizen eta Getxon, alegia).

Baten bat animatzen da? Hala bada, niri esan.