Gazte(ago) ginela arbuiatu izan ditugun opor-moldeetara makurtu izan gara azken urteotan. Umeak… badakizue 😉. Eguzkia, hondartza, hotela, piszina… Marc Augé antropologoaren lana gogoratzen duzue? Ez-lekua kontzeptua sortu zuen trantsitorioak izategatik lekua izena merezi ez duten lekuak izendatzeko. Leku antropologikoak dira, Augè-ren ustez, harremanetarako espazioak direnak, berezko identitatea dutenak, alegia. Ez-lekuak bestelakoak dira. Ez-lekuak dira, esate baterako: autopistak, hotelak, aireportuak edota supermerkatuak… Hondartzak ere… susmoa dut hondartzek ere badutela ez-lekua izatetik asko.
Valentziatik gertu egon gara. Hoteletik hondartzarako bidean, amona bat zetorren gure atzetik, 3-4 urteko bilobarekin. Elkarrekin hizketan ari dira. Atzera begiratu dugu, hau entzundakoan: “Xiquet, parla valencià”. Kontxo… borroka bera hemen ere! Portzierto… Ohartu zarete? Soziolinguistika katalanak garrantzi handia izan du gurean… baina valentziarrak izan dira gure erreferente nagusiak: Aracil, Ninyoles…
Oporretara etorri aurretik, Diversia aldizkariak hizkuntzari buruzko monografiko bat argitaratu zuen: La llengua catalana del present al futur. Aldizkaria Pompeu Fabra Unibertsitateak argitaratzen du, dibertsitate sozialari buruzko katedraren bidez. Herrialde Valentziarrari buruzko artikulua Toni Mollà kazetari eta soziolinguistari egokitu zaio. Hemen eskuratu daiteke: www.upf.edu/diversia/_pdf/Pais_Valencia.pdf
Toni Mollà-ren ustez, soziolinguista batek oso kontuan izan behar du espazio publikoaren gaur egungo krisia. Izan ere, politika instituzionalek –politika linguistikoek barne– espazio publikoa hartu behar dute oinarritzat: espazio fisikoa (kalea eta plaza), espazio mediatikoa (hedabideak) eta espazio birtuala (Internet). Toni Mollà-ren iritziz, politika komunikatiboetan zein politika linguistikoetan errentagarritasun soziala eta kohesio soziala bilatu behar dira. Bere ustez, Herrialde Valentziarrean bada defizit identitario garrantzitsu bat, komunikazio-sare konpartituen faltarekin zerikusia duena.
Beste formatu batean bada ere, Valentziako hizkuntza egoeraz asko ikasi daiteke Què ens passa, valencians!? dokumentala ikusirik. Bertan, Alina Moser alemaniar gazteak, aurreko dokumental batean herrialde katalanetako hainbat lurralde furgonetaz bisitatu ondoren, txirringa hartu eta herrialde valentziarra bisitatzeari ekin dio, valentzieraren osasun-egoeraren berri emateko. Esan bezala, alemaniarra da Alina Moser, eta ez daki gaztelaniaz; katalanez bai. Merezi du dokumentala ikustea. Oso-osorik ikusi daiteke youtube-n: hemen