Urte batzuetatik hona sarri entzun izan da euskara erakargarri egin behar dugula. Diskurtso ofizialaren parte handi bat horretan ardaztu da, eta kritikak ere ugari sortu izan dira. Mosaiko edo collage moduko bat osatu dut iritzi eta ideia horiekin.
Hona hemen mosaikoa:
- Erakargarritasunari buruzko kritika gehienek diskurtso ofizialarekin zerikusia dute. Erakargarri egitearen diskurtsoak bestea seduzitzeko obligazioa ezartzen du: seduzitzea, ez inposatzea, limurtzea, gure haserrea izkutatzea, garen bezala ez agertzea. Adibide bat: http://www.argia.eus/blogak/boligrafo-gorria/2015/04/27/argazki-oin-bat-gaizka-garitanoren-keinuari/
- Maialen Lujanbiok ere halako kritika egin du: “Erakargarria izatea ondo dago eta erakartzen saiatzea ondo dago. Nahiko jende guapoa gara. Baina beti seduzitu behar hortan ederrena ere nekatu egiten da… Eta segiko dugu erakarri nahian, baina erakartzeaz gain, ondo legoke ekar araztea ere”. Horren harira irratian elkarrizketatu dute: elkarrizketa
- Fermin Etxegoienek ere erakargarritasuna landu beharra aldarrikatu izan du, baina oso bestelako ikuspegitik egin du. Hizkuntzaren alderdi estetikoa aldarrikatu du; hizkuntzak gu seduzitzea da gakoa, hizkuntzarekin gozatzea: https://www.youtube.com/watch?v=ptNZfsM1ofU
- Kike Amonarrizek EKT ikastaroan ere esan zuen euskara erakargarri egin behar dugula, baina baita eskuragarri ere. Hitzaldi interesgarria izan zen. Hemen entzun daiteke.
- Eskuragarritasuna giltzarrizkoa da. Katakrakeko jardunaldian (Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian) Eduardo Apodakak ere halako zeozer aldarrikatu zuen: alegia, kontua ez da dena delako herri batean zenbat euskaldun dagoen, baizik eta euskaraz egiteko zenbat aukera dagoen. Euskarazko jardunen mapa egin behar omen da.
- Herrialde katalanetan saiatu dira mapa horiek egiten. Ofercat programa sortu zuten, lurralde jakin batean zenbat katalana “eskaintzen” zen (produktuak zein zerbitzuak) aztertzeko: hemen. Euskarazko bertsio bat ere egin zen: Euskaini izena jarri zioten: http://www.erabili.eus/plangintzak/gurien/1274437202 Proba piloto zenbait egin zen han-hemenka baina ez zuen arrakasta handirik izan. Pena da!
- Kike Amorrizek EKTn emandako hitzaldia aipatu dugu lehen. Erakargarritasuna eta eskuragarritasuna aldarrikatu zituen. Egia esanik, hirugarren “tasun” bat ere proposatu zuen: “derrigortasuna” (eta ez “inposizioa”). Euskara erakargarri eta eskuragarri ez ezik, beharrezko eta derrigorrezko ere egin behar dugu.
Ez da sintesi txarra: erakargarritasuna, eskuragarritasuna eta derrigortasuna.