Euskararen gaineko diskurtsoak aztertu, kontrastatu, berritu eta bateratzeko asmoz, Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoen lanketa egitasmoa abian jarri eta lehen emaitzak aurkeztu dituzte. Horren baitan, bost diskurtso-multzo identifikatu dituzte eta honela bataiatu: Errespetuarena, Balio pragmatikoarena, Sustatzailea, Aldarrikatzailea eta Mesfidatia.
Lanak itxura ona du. Arretaz irakurri beharko da.
Dena den, bada zerbait belarrian kirrinka egiten didana. Izan ere, Martinez de Lunak hainbat urte eman ditu framing berri baten beharra aldarrikatzen. Nagusiki framing terminoa erabili izan du, nahiz eta zenbait aldiz, mezua erraztu nahian ziur aski, framing eta diskurtso sinonimo gisa erabiltzen entzun dugun.
George Lakoff hizkuntzalariak ere framing hitza erabili izan du Don’t Think of an Elephant liburuan. Liburua gaztelaniaz ere bada —No pienses en un elefante— eta marco hitza erabili dute. Liburuaren sarreran bertan azaltzen du Lakoff-ek markoak zer diren:
Markoak egitura mentalak dira, munduari buruz dugun ikuskera eratu eta egituratu egiten dutenak. Gure helburuak, gure asmoak, gure portaera eta gure ekintzak marko horien ondorioak dira. Politikagintzaz ari garela, gure politika sozialak eta politika horiek bideratzeko sortuko ditugun instituzioak ere marko horien araberakoak izango dira. Markoa aldatzea dena aldatzea da. Markoa eraldatzea gizarte eraldatzea da.
Teun Van Dijk hizkuntzalariak ere antzeko hausnarketa egin izan du diskurtsoaren azterketa kritikoa egin duenean. Bere ustez, diskurtsoa ezin da era isolatuan aztertu. Hiru dira, ezinbestean, aztertu beharreko elementuak: kognizioa, diskurtsoa eta gizartea. Kognizioa zentrala da Van Dijk-en eskeman eta dimentsio pertsonalaz gain, dimentsio sozial garrantzitsua du. Bere ustez, kognizio sozialaren oinarrizko sistemak dira ideologiak.