Poli…teknikoak

urna-elecciones[BAT]

Jone Goirigolzarri ikerlariak tesia egin berri du EAEko alderdi politikoen hizkuntza ideologiaz. Horren inguruko komunikazio bat aurkeztu du IkerGazte2015 kongresuaren baitan. Lan horretan Manifesto Projecten metodologia erabili du: edukien azterketa kuantitatiboa. Pasarte guztiak beren edukiaren arabera etiketatu eta ideia bakoitza zenbatean agertzen den kontatu. Irratian elkarrizketa bat egin diote, eta bi ideia aipatu ditu: (a) aldeak daude diskurtso linguistikoen presentziari dagokionez: ezker abertzalearen kasuan euskararen agerpena % 18 da, gainontzeko alderdien kasuan % 4 inguru; (b) ezberdina da, halaber, normalizazioari buruz alderdi bakoitzak duen ikuspegia; PPk aipatu ere ez du egiten; PSOE horren alde agertzen da, baina herritarren borondatea jartzen du beste ezeren aurretik; EAJ, Ezker Abertzaleak eta Ezker Anitzak era bateko edo besteko neurri aktiboak proposatzen dituzte.

Interesatzen zait hizkuntza ideologien kontua. Alderdi politikoen baitan dauden hizkuntza ideologiak aztertzeko, egongo dira hauteskunde programak baino lagin interesgarriagorik. Dena den, lan interesgarria dirudi.

[BI]

Hauteskundeen aurreko astean hizkuntza politikari buruzko mahainguru bat ikusi nuen: herritarren hizkuntza eskubideak eta administrazioa euskalduntzeko neurriak, lanpostuak eta hizkuntza eskakizunak, euskara planak, baliabideak eta aurrekontuak, zeharlerrotasuna eta parte hartzea. Ondo, baina ideia berri gutxi.

[HIRU]

Politikarien eta teknikarien arteko (lehen) harremana ez da beti samurra izaten. Ezagutza teknikoa (expertise) gainbaloratzeko tentazioa dugu: gu gara adituak, gurea da egia, nor dira hauek zer egin behar dugun esatera etortzeko? Gizarte eragileekin biltzen garenean ere tentazio bera izan ohi dugu. Boaventura de Sousa soziologoak jakintzen ekologia  defendatzen du: ezagutza ezberdinak kontuan hartzea eta integratzea. Buruan gordetzeko moduko kontzeptua iruditzen zait.

Duela gutxi Joan Subirats irakaslearen artikulu bat irakurri dut: Se necesitan politécnicos. Gustatu zait. Politeknikoak: ikuspegi politikoa (polistikoa, Sarasuaren hitzetan) eta ikuspegi teknikoa harmonizatzeko gauza diren pertsonak. Bideragarritasun teknikoa ez dela nahikoa dio, bideragarritasun soziala ere beharrezkoa dela. Subiratsek deliberazio demokratikoa defendatzen du horretarako.

Ideia interesgarriak burua apurtxo bat nekatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude