2013ko abenduan hizkuntza gutxituetako hiztun berriei buruzko mintegi bat izan zen Bartzelonan: “Nous Parlants: un concepte en construcció / New speakers: concept in progress”. Gerora dossier monografiko bat argitaratu dute DIGITHUM aldizkarian. Dossierrak aukera ematen du gaia herrialde ezberdinetan nola lantzen ari den ikusteko… Nor dira hiztun berriak? Zein beren tipologia? Nola, zenbat eta zergatik ikasten dute? Nola negoziatzen dute beren legitimitate eta autoritate linguistikoa?
Merezi du begiradatxo bat ematea.
Euskaldun zahar vs. Euskaldun berri
Euskal Herrian euskaldun zahar / euskaldun berri dikotomia aztertu da. Euskaldun zaharra da, oraindik orain, hiztun legitimoaren eredua. Hiztun berrien artean badira legitimitate hori bera eskuratu, “euskaldun berri” etiketa gainetik kendu, eta beren burua euskalduntzat hartzen dutenak (ez berri, ez zahar… euskalduna). Bi dira horretarako gakoak: hizkuntzaren erabilera (testuinguru euskaldun batean bizitzea edota gizarte-sare euskaldunak izatea) eta hizkuntzaren aldaera (hizkuntza “naturala” erabiltzea, lekuan lekuko aldaera, erregistroetan aberatsa).
Hiztun esentzialak
Galizian hiztun berrien tipologizazioa galizieraz egiten duten erabileraren arabera egin dute: hiztun berri esentzialak, funtzionalak, okasionalak eta potentzialak bereizi dituzte. Horren arabera, hizkuntza-jokabidea erabat aldatzen duten hiztunak dira hiztun berri esentzialak. Minoria bat dira, baina hizkuntzarekin oso-oso konprometituak, bizitzaren arlo guztietara eramaten baitute hizkuntzaren erronka. Minoria izatea ez da beti txarra. Minoria izatea kontzeptu konplexua da, beren ustez: botere gutxi duen gizataldea minoria bat da, gizarte eraldaketa bilatzen duen talde berritzailea ere bai.
Muda linguistikoak
Irlandan eta Katalunian muda linguistikoen gaia landu dute. Gure artean Pello Jauregik ere halako zerbait aipatu izan du. Muda linguistikoak hizkuntza-aldaketak dira, hiztunen bizitza-ibilbidearen une kritiko jakinetan eragiten direnak. Irlandan zazpi une identifikatu dituzte, hizkuntza aldaketak eragin ditzaketenak: (1) lehen hezkuntzatik bigarren hezkuntzara igarotzea, (2) bertako hizkuntza nagusi duen eskola batera aldatzea, (3) zonalde soziolinguistiko aldekoago batera aldatzea, (4) unibertsitatera igarotzea, (5) familian aldaketak, (6) lanean aldaketak, (7) erretiroa hartzea. Irlandan ikusi dutenaren arabera, aldaketa hauek guztiak mugarri txikiak dira, arian-arian erabilera maila altuagoa eragiten dutenak. Aldaketa metagarriak dira. Katalunian, ordea, aldaketa horiek bat-batekoagoak izan ohi direla ikusi dute: inflexio-puntuak dira.
Hizkuntza gutxituak eta harrera egitea
Herrialde katalanetan aspaldi nabarmendu dute etorkiznen lehen harremana harrera-gizartearekin gaztelaniaz dela eta ez katalanez. Hala ere, prozesua graduala dela defendatzen dute, gaztelaniarekin hasten dela baina ez da erabat amaitzen katalana ere eskuratu arte. Gaztelania hizkuntza franko gisa legitimatzen da; katalana “integrazio sinbolikotzat” jotzen da.
Dossier osoa hemen eskuratu daiteke:
PUIGDEVALL, Maite (coords). (2013). “El nous parlants de llengües minoritàries: pertinences i legitimitats » [dossier en línia]. Digithum. Núm 16. UOC . [Kontsulta-data: 2015-05-12]. http://digithum.uoc.edu/ojs/index.php/digithum/article/view/n16-puigdevall/n16-pugdevall-cat
Aste honetan hitzaldi bat egon da Deustuko Unibertsitatean: Hizkuntza gutxituetako hiztun berriak hiztun aktibo bihurtzeko gakoak. Pena izan da bertaratzerik ez izana.
“Hizkuntza gutxituetako hiztun berriak hiztun aktibo bihurtzeko gakoak” hitzaldiaren bideoa argitaratu dute. Hemen ikusi ahal da:
http://blogs.deusto.es/euskalgaiak/hizkuntza-gutxituetako-hiztun-berriak-hiztun-aktibo-bihurtzeko-gakoak/
On egin!
Pingback: Hiztun berriak… Biba Zuek eta Gora Gu | Allartean