Gogoan dut Iñaki Arrutik Hizkuntza plangintza udalarri mailan ikasgaia eman izan duela HIZNET ikastaroaren baitan. Udaletako euskara zerbitzuei errepaso interesgarri ematen die bertan: zer izan diren eta zer diren. Egunen batean euskara zerbitzuen historia (eta istorioak) kontatu beharko lirateke. Bitartean, oso hurbilpen interesgarria iruditzen zait Arrutiren lana.
Iñaki Larrañagak, Gotzon Egiak eta Kike Amonarrizek Jakin aldizkarian argitaratu zuten testu bat erabili izan du Iñaki Arrutik ikasgairako: “Euskal Herriko hizkuntz normalizazioaren zenbait alderdi”, 1984. urtean argitaratua (Jakin 32). Izan ere, lehenengo euskara zerbitzuak garai horretan sortuko baitziren. Honela kontatzen dute.
… itzultzaileen egoera zeharo desberdina da herri batetik bestera, bai egoera laboralaren aldetik –soldata, lanordu eta lan-maila desberdinak– nola betetzen dituzten funtzioen aldetik –aktak bete eta itzuli, eguneroko paperak itzuli, funtzionarioei euskaraz klaseak eman edo herriko berreuskalduntze-prozesua bultzatu.
Artikuluan, garai hartako egoera eta joerak azaltzen dira. Borondate ona, eta baliabide gutxi. Denetarik egin beharra: itzulpenak, jaialdi bat antolatu, kartelak jarri, eskolak eman. Bakoitzak ahal zuena, ahal zuen moduan. Oro har, hiru jokabide nabarmentzen du: (a) kultur batzordeen bidez lehen urratsak eman; (b) itzultzaile-dinamizatzaile figura hibridoa erabiltzea, (c) berariaz euskara zerbitzuak sortzea.
Joan Subirats irakasle aditua da politika publikoetan. Harek ere politika publikoen ibilbidea aztertu du, eta hiru eredu bereizi: burokratikoa, planifikazio estrategikoa eta gobernantza. Jakin aldizkariak kontatzen duen egoera nekez sar daiteke horietako batean: eredu pre-burokratikotzat jo genezake.
Dena den, gogokoa dut Subirats irakaslearen azalpena. Iruditzen zait oso ondo kokatzen dituela euskara zerbitzuetan egon diren (eta dauden) jarrerak eta joerak.
- Eredu burokratikoa. Administrazioak egitura hierarkikoa behar du: prozedura esplizituak eta erabat arautuak. Nork bere lekua eta bere funtzioa du, eta horren arabera jokatu behar da.
- Planifikazio estrategikoa. Enpresa pribatuaren teknikek bidea egin dute administrazio publikoetan: management berriaren garaia da. Helburuak, estrategiak, plana estrategikoak, ekintzak… Lagun batek erdi-txantxetan dioen bezala: AMIAren garaia da.
- Gobernantza. Errealitatea konplexua da, eta erabakiak hartzea ere bai. Administrazio tradizionalak mugak ditu, eta hutsuneak ere bai: hutsuneak funtzionaltasunaren aldetik, eta hutsuneak legitimitatearen aldetik. Gauzak egiteko modu berriak bilatu behar dira, eta gobernua gizarte zibilera ireki. Gobernantza, hortaz, parte hartzea da; funtzionamendu horizontala da; gobernu erlazionala da; zeharlerrotasuna…
Nik neuk ez dut zalantzarik nora jo behar dugun, kontua da haraino iristea zenbat kostako zaigun.