Hizkuntza politika, politika publikoak, teknikarion lana eta paradoxak

Politika publikoen arloan garrantzitsua da erabakiak nola hartzen diren ulertzea. Hainbat eredu esplikatibo sortu izan da horretarako. Nik neuk hiru aipatuko nituzke:

Bat. Eredu arrazionala.

Horren arabera, erabakiak hartzeko prozesuak arrazionalak dira:

  1. Lehenik, problema definitu eta problema horren arrazoiak aztertu
  2. Gero, irtenbide posibleak identifikatu
  3. Azkenik, alternatibak alderatu eta optimoa hautatu

Eredua aplikagarria da baldin eta helburuak argiak eta adostuak badira, eta baldin eta teknikoki ere helburu horiek lortzeko bidea ezaguna bada.

Bi. Eredu inkrementala.

Zaila omen da politika publikoen norabideetan erabateko aldeketarik sortzea. Erabaki publikoak, orobat, aurreko erabakiei doiketa inkremental txikiak egitea da. Analisi logikoa lekuz kanpo dago, benetan erabakigarriak diren faktoreak beste batzuk direlako: esperimentazioa eta aktoreen arteko elkarrekintza, alegia.

Norabide aldaketa soil-soilik gerta daiteke baldin eta problemari buruzko informazio berria sortzen bada, edo aktoreen arteko botere-harremanak aldatzen badira, ez bestela.

Hiru. Policy streams eredua (Kingdon).

Ereduak hiru korronteri edo fluxuri buruz hitz egiten digu, neurri batean independenteak diren fluxuei buruz, alegia:

  1. Problemen fluxua (konpondu nahi ditugun arazoen bilakaera, elementu berriak…)
  2. Politikaren fluxua (indar korrelazioa, abagune politikoa, hauteskundeak gertu izatea, adib…)
  3. Soluzioen fluxua (ezagutza teknikoa, finantziazio-aukerak…)

Hiru fluxu horiek puntu batean elkartzen direnean, aukera-lehio bat irekitzen da politika publikoen norabidean aldaketa esanguratsuak egiteko.

Testuinguru horretan sortzen da euskara teknikarion paradoxa eta kontraesana:

  • Nahi genuke… baina jakin badakigu hizkuntza politikan eredu arrazionala oso gutxitan dela bideragarria: kontsentsuak ez dira erabatekoak izaten, eta ikuspegi teknikotik ere erabateko ziurtasun gutxi ditugu.
  • Eredu inkrementala ez dugu gogokoa. Politika publikoen egonkortasuna azpimarratzen du, eta amore ematea dela iruditzen zaigu: hizkuntza normalizatzea gure esku ez dagoela aitortzea, eta hobekuntza txikiekin konformatu beharra dugula onartzea
  • Policy streams eredua ere ez da erosoa. Aldaketa esanguratsuak posibleak direla erakusten digu, baina kasik kointzidentziaren ondorio direla: badirudi guk ezer gutxi egin ahal dugula aldaketa horiek eragiteko.

Boaventura de Sousa Santos da egungo pentsamendu kritikoaren izen esanguratsuenetako bat. Acción-con-clinamen kontzeptua erabiltzen du: klinamen-ekintza, alegia. Klinamen hitzak atomoen desbideraketa txikiei egiten die erreferentzia: desbideraketa txikiak dira, ondorio sorta zabal bat abiatu ahal dutenak. Boaventura de Sousaren esanetan, klinamen-ekintzak ere horrelakoak dira: ez dira haustura zorrotzak, desbideraketa txikiak baizik. Txikiak izanagatik, metagarriak, eta konbinazio konplexuak eta sortzaileak eragin ditzakete.

Teknikarion lana horrelakoa dela pentsatu nahi nuke: aldaketa sakon-sakonak ez daude gure esku, baina bai desbideraketa txiki horiek eragitea, eta ekintza txikien bidez aldaketa sakonagoak gertatzeko posibilitatea maximizatzea.


Source: Allartean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude