Duela gutxi politika publikoen analisiari buruzko ikastotxo bat egiteko aukera izan dut, eta den-dena euskararen talaiatik begiratzeko dudan ditxosozko mania honekin, hango ideia batzuk hona ekartzea okurritu zait.
Has gaitezen, bada.
Antza denez, politika zer den adierazteko bi hitz erabili izan dute ingelesez: POLITIC eta POLICIES. Euskaraz ere halako ñabardura bat hartzen du hitzak, singularrean ala pluralean erabiltzen badugu: politika eta politikak, edo (are garbiago) politika eta politika publikoak. Politikak agintearen eta boterearen jokoarekin du zerikusirik; politika publikoak bestelakoak dira: gai edo arazo publiko bati ematen dizkiogun irtenbide espezifikoak, alegia.
Hizkuntza Politika gai zentrala da euskalgintzaren diskurtsoan eta analisietan. Politika publikoak gutxixeago. Harremana alde bikoa da. Erakunde baten Hizkuntza Politikak erakunde horren erabakiak gidatzen ditu, baina sarri alderantziz ere gertatu ohi da: erakundeak arazoei ematen dizkien irtenbide espezifikoek definitzen dute bere Hizkuntza Politika. Koherentzia da kontua. Honekin guztiarekin lotuta, ezin da aipatu gabe utzi Kontseiluaren lana, nire ustez urratzailea izan baita. Udalen hizkuntza politikari buruzko azterketan horixe bera egiten saiatu dira: udalen politika publikoak aztertu, udal bakoitzaren Hizkuntza Politika aztertzeko. Lan aipagarria iruditzen zait, nahiz eta -nire iduriko- gehiago sakontzea merezi duen.
Politika publikoen analisietan badira bi gai bereziki esanguratsuak direnak: lehenak problemen defnizioarekin du zerikusia, bigarrenak erakundeen agendarekin:
- Politika publikoen zentzua da problema bati erantzuna ematea. Kontua da problemak egon ez daudela, baizik eta eraiki egiten direla. Eraikiak diren neurrian, era askotara definitu daitezke: problema konpontzeko egin ahal ditugunak eta egin nahi ditugunak ere definizoaren parte dira. Eskura ditugun erantzunek problema akotatzen dute. Hortaz, politika publiko bakoitzaren atzean bada problema bat, galdera moduan formulatu daitekeena. Euskara plan baten atzean, adibidez, honako galdera bat egon daiteke: “ditudan baliabideekin, zer egin dezaket erakunde honetan orain baino euskara gehixeago erabil dezaten, inor gehiegi molestatu gabe? Ezaguna egiten zaizue?
- Agenda, bestalde, erakunde batek mahai gainean dituen problemen zerrenda da, politika publikoen jomuga izango diren gaien zerrenda, alegia. Zergatik gai batzuk bai eta beste batzuk ez? Zergatik euskarak ez du behar besteko zentralitaterik lortzen? Prozesuari agenda setting deitzen zaio. Iñaki Mtz de Lunak, framing kontzeptua landu duenean, analisi izugarri polita egin du agenda publikoari eta agenda politikoari buruzkoa. Artikulua BAT aldizkarian argitaratua dago.
[jarraituko du…]
Source: Allartean