Hiru apunte jaso nituen, oso denbora gutxian

Aurten, Miramarren EHUk antolatzen dituen uda ikastaroetan Euskararen transmisioaren bide berriak izan zen hizpide. Soziolinguistika Klusterrak bideoak argitaratu ditu dagoeneko (http://www.soziolinguistika.org/en/node/5910).
Handik gutxira, Galizian “Traballando en lingua” udako ikastaroak izan ziren, Carballo herrian, gai beraren inguruan: Transmisión interxeracional do galego. Ikastaro honen bideoak ere interneten argitaratu dira.

Donostiako ikastarotik hiru apunte hartu ditut.

  • Paula Kasaresek transmisioaren kontzeptua alboratu eta sozializazio kontzeptuari eustea gomendatzen digu, askoz dinamikoagoa delakoan. Alde horretatik, helburua bera aldatzea proposatu du: gure helburua izan behar du haurrak egoera komunikatibo ez-instituzionaletan beren berdinkideekin euskaraz arituko diren hiztunak izatea. Egoera ez-instituzionalizatuak hizkuntza predefinitua ez dutenak dira.
  • Valentziako erreferentziak ere aipatu ditu: familias mutants deitzen direnak, belaunaldi baten etenaren ondoren, katalanera berriro ere etxeko hizkuntza bihurtu dutenak. Gaztelaniaz, familias revernaculizadoras esango genuke, eta euskaraz, familia etxekotzaileak edo berretxekotzaileak.
  • Jone Miren Hernandezek sozializazioaren fokoa zabaldu beharra proposatzen du, eta, familiari ez ezik, gertuko komunitateari ere begiratzea gomendatzen digu. Edonola ere, familiaz ari dela hiru ikerketa-ildo proposatzen ditu: (a) familia barneko ideologiak, (b) praktikak, familian eta inguru hurbilean indarrean dauden erabilera-arauak eta arau horiek nola sortzen diren (c) eta hizkuntzaren kudeaketa, hau da, familiak nolako estrategiak darabiltzan etxean euskarari leku egiteko. Familian ere hizkuntza politika egin daitekeela defendatzen du Jone Mirenek: ingelesez, family language policy.

Galiziako ikastarotik, batez ere, apunte bat:

  • Valentina Formoso irakasleak jarrerak aztertu izan ditu Okzitaniako eskola soziolinguistikoaren ideietatik abiatuta (Henri Boyer eta enparauak). Bere ustez, funtsezko galdera zera da: galego-hiztunek zer ikusten dute beren burua ispiluan ikusten dutenean? Hizkuntzaren inguruan dauden sinismenak, aurreiritziak eta errepresentazioak garrantzitsuak dira, bere iduriko. Elementu horiek guztiak kognizio sozialak dira, eta hiztunek hizkuntzari buruz duten irudia osatzen dute. Horien atzean ideologia linguistikoak daude (eta bide batez baita balioak ere). Alde biko harremana dago ideologien eta errepresentazioen artean; ideologia linguistikoek baldintzatu egiten dituzte hizkuntzari buruz ditugun errepresentazioak, eta errepresentazio soziolinguistikoek elikatu egiten dituzte ideologiak. Faktore hauek guztiak funtsezkoak dira familia bidezko transmisioan. Hitzaldia hemen: https://www.youtube.com/watch?v=lXA36sgqfQU

Urrian, familiari buruzko artikulu bat argitaratu zuen ARGIA asterkariak: http://www.argia.eus/argia-astekaria/2432/euskara-d-ereduan-ikasi-duten-gurasoak. Aitor Villanueva irakasleak tesina egin du jatorrizko hizkuntza euskara ez duten eta euskara maila ona duten gurasoei buruz. Izenburua luze samarra da, baina oso deskriptiboa: Un estudio de transmisión y actitudes lingüísticas en la Comunidad Autónoma Vasca y la Comunidad Foral de Navarra: Padres y madres castellanoparlantes escolarizados en lengua vasca.

Guraso hauei galdetegi bat egin die, eta ondorio bat edo beste eman du, orain arteko ikerketetan ikusi ez dena. Antza denez, gizonen eta emakumeen arteko ezberdinatasunik ikusi du: “Gizonezkoen %70ek euskaraz hitz egiten diete haurrei euren bikotekidea euskalduna izan ala ez. Emakumeen %85ek euskara transmititzen dute etxean, baina euren bikoitekidea euskalduna bada. Hala ez bada, euskararen transmisioa %40 jaisten da”. Bitxia egin zait.

Gogoan dut orain dela 10 urte ikerketak egin zirela Gasteizko Olabide ikastolako eta Donostiako Santo Tomas lizeoko ikasle-ohiekin. Orduan ere kezka bera zegoen mahai gainean: zein da, edo zein izango da, ikastetxean euskaldundu diren guraso gazteen jokabidea hizkuntzaren transmisioari begira?


Oharra: argazkia EMAN GILTZA orritik hartu dut


Source: Allartean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude